Irri Eguna ospatuko du bihar Mutrikuko Txantxangorri aisialdi taldeak
Ekintzak goizean eta arratsaldean egingo dituzte. Hiru gune egongo dira herrian: jolas gunea, tailer gunea eta salto gunea. Herritar guztiei jaian parte hartzeko deia egin die TxantxangorrikMutrikuko Txantxangorri aisialdi taldeak egun osoko jaia eging...
Ekintzak goizean eta arratsaldean egingo dituzte. Hiru gune egongo dira herrian: jolas gunea, tailer gunea eta salto gunea. Herritar guztiei jaian parte hartzeko deia egin die Txantxangorrik
Mutrikuko Txantxangorri aisialdi taldeak egun osoko jaia egingo du bihar: Irri Eguna. Hiru gunetan sakabanatuta, denetariko ekintzak egingo dituzte, goizez zein arratsaldez.Iaz, taldeak 15 urte betetzen zituela eta, jai handia egin zuten. «Iazko jaia handia izan zen, urteurrena ere borobila zen eta. Gainera, jai hura antolatzeko inguruko herrietako aisialdi taldeetako kideek ere lagundu ziguten», azaldu dute Txantxangorrikoek. Aurten, baina, herrian bertan herritarrentzako jaia egin nahi zutela argitu dute.
Txantxangorrik islatzen dituen baloreak eta iaz egindako Irri irri Txantxangorri abestia oinarri hartuta, Irri Eguna izena jarri diote ospakizunari. «Taldeak ondo pasatzeko griña, talde izaera eta beste balore batzuk ditu oinarrian, eta Irri Egunak ere horiek bistaratuko ditu». 11:00etan hasiko dira ekintzak. Eta hiru gune egongo dira herrian: jolas gunea (Goiko Plaza), tailer gunea (Beheko Plaza) eta salto gunea (Miruaitz frontoia).
11:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00era, beraz, hiru gune horietan egingo dira ekintzak.
Ekintzak, guneka
Jolas gunean denetariko jolasak egingo dituztela diote. «Tailer gunean, ostera, eskulanak, aurpegia margotu eta abar egingo dugu». Azkenik, Miruaitzen, puzgarriak egongo direla diote.
Gainera, urtero bezala, Txantxangorriko begiraleak mozorrotuta egongo dira. Eta gainerako herritarrei ere ekintzetan parte hartzeko eta jaian murgiltzeko gonbitea egin nahi izan diete. «Adinak berdin dio. Helduek ere aurpegia margotu nahi badute, datozela!».
Osagarri horiekin guztiekin, Txantxangorrik, kolorez, alaitasunez eta entretenimenduz jantziko du Mutriku, beste behin ere.