«Hasierako esperientzia izanda, gauza xumeago bat egin dugu»
Pop-rock estiloko zortzi kanta batu ditu Garoa taldeak bere estudioko lehen diskoan. Lanak izan duen oihartzunarekin harrituta dagoela nabarmendu du taldeko abeslariak.Durangoko Azokan aurkeztu zuten Garoa Arizmendi Urkizak (Mutriku, 1979) eta bere tal...
Pop-rock estiloko zortzi kanta batu ditu Garoa taldeak bere estudioko lehen diskoan. Lanak izan duen oihartzunarekin harrituta dagoela nabarmendu du taldeko abeslariak.
Durangoko Azokan aurkeztu zuten Garoa Arizmendi Urkizak (Mutriku, 1979) eta bere taldeak Hariak hautsiz estudioko lehen diskoa. Lehenengo zuzenekoa Berriatuko Satorzulo Gaztetxean emango du taldeak, apirilaren 22an, 22:00etan, Lekeitioko Nabil taldearekin batera.Lehenengo zuzenekora begira, zelako kontzertuarekin dator Garoa taldea?
Kontzertua formato orokorrean ematea aurreikusita daukagu, baina tartean, kanturen bat edo beste formato akustikoan ere eskaintzeko asmoa dugu. Diskoko zortzi kantak joko ditugu, eta horiez gain, prestatu berri ditugun beste bi kanta berri ere joko ditugu.
Zuen lana aurkezten hasteko gogotsu zaudete?
Taldeko kide guztiok lehen saioekin hasteko sekulako gogoa dugu.
Eta aurrera begira, zer asmo duzue?
Udara begira, Euskal Herri osoan oholtzatik oholtzara ibiltzeko asmoa dugu, eta nola ez, hemengoak izanda, inguruko herrietan ere aurkezpen kontzertuak egingo ditugu.
Orain arte, han hemenka, kolaborazio asko egin izan dituzu. Zure diskoa grabatzea zelan bururatu zitzaizun?
Gitarra ikasten hasi nintzenetik beti kantuak sortzen aritu izan naiz. Lagunek eta etxekoek animatuta, orain arte nire ingurukoekin konpartitzen nituen kantu horiek publiko zabalera begira argitaratzea erabaki nuen. Nebak grabazio estudio bat du, eta inguruko laguntza horrekin iazko udaberrian grabaketa lanekin hasi ginen.
Kantu sorta bat batuta zenuen orduan.
Bai, nahikoa kantu batuta nituen, eta oraindik ere gehiago ditut pilatuta. 18 urte nituenetik hona, kantu asko idatzi ditut, eta grabatzerako orduan horien guztien artean aukeraketa bat egin behar izan genuen. Kantu berriak ere idazten ari naiz, eta aurrerago erabakiko badugu ere, bigarren lan bat egiteko gogoa ere badago.
Zuk idatzi eta konposatu dituzu diskoko zortzi kantak. Zeri buruzkoak dira?
Denon egunerokotasunean aurkitu ahal diren gaiak jorratu ditut kantu bidez: maitasuna, bizitza, Euskal Herriaren egoera, presoak eta kartzela… Zer edo zer esan behar hori kantu modura kanporatzen dut. Zerbaitek mindu nauela kanporatzeko edo bizitzaren une gozo horiek konpartitzeko balio dit, adibidez.
Kantu horien artean badago zuretzat berezia denik?
Bi bihotz kantua oso berezia da niretzako. Haurdun gaudenean bi bihotz ditugu barruan, eta haurdunaldiko sentimendu horiek agertu nahi izan ditut bertan.
Autoekoitzitako diskoa ekarri duzue besapean.
Nebak grabazio estudioa duela aprobetxatuta, eta hasierako esperientzia izanda, gauza xumeago bat egin dugu, 500 kopia aterata.
Kopia horien salmenta nola doa?
Oso ondo. Amaitzear daudela uste dut.
Lehen esperientzia hau nolakoa izan da?
Dena espero gabea izan da. Hasieran ez genuen uste gure lanak dimentsio hau hartu ahal zuenik ere. Nire asmoa, beti gordeta izan ditudan kantu horiek nebaren estudioan grabatzea zen, eta azkenean, dena eskura etorri da.
Mutrikuko AME estudioetan egin duzue grabaketa. Zelan joan zen?
Nire kasuan, dena oso erraza izan zen. Etxean sentitzearekin, gustura aritu nintzen. Nebarekin konfiantza oso handia dut, bizitzako arlo guztietan oso ondo konpontzen gara, eta grabaketa sasoian ere ondo konpondu ginen, inolako arazorik gabe. Nire ibilbidean sortu ditudan kantuak ezagutzen ditu, eta musikan daukan ezagutzarekin diskoa sortzerako orduan oso langungarria izan zen. Proiektu hau gauzatzeko bere lana ere ezinbestekoa izan da. Produkzio aldetik eta kantei itxura ematerako orduan ere, lan handia egin du. Nebaz gain, taldeko beste kideek ere diskoan asko aportatu dute.
Zer eratan?
Kantuak nik sortu baditut ere, kantua bera aberastu duten moldaketak taldekide bakoitzak egin ditu, eta denon artean, emaitza polita lortu dugu.
Emaitzarekin gustura zaudete?
Oso gustura gaude. Lanak oso harrera ona izan du, eta ni neu, esaterako, oso beteta sentitzen naiz. Egia esan, taldea osatzerako orduan zorte handia izan dut.
Eta hori?
Hasiera batean bakarkako lan bat zena, taldeko proiektua bihurtu da. Kantei forma eramaterako orduan sortu da taldea. Grabaketara jendea kolaboratzera etorri da, eta horiek gero, geratzea erabaki dute, eta pozez zoratzen nago. Nire taldekideei eskerrak eman nahiko nieke amets hau egi bihurtzen laguntzearren eta nire ondoan izatearren.
Diskoa eta gero etorri dena espero zenuen?
Ezta pentsatu ere. Hau guztia opari bat bezala izan da niretzat eta taldea osatzen dugunontzat. Dena eskutik etorri da: lana grabatu, ilusioa eta taldea sortzea. Ni, egia esan, esker onez nago taldean dudan laguntza guztiarekin. Ezin sinetsita nago.
Lehen singleak arrakasta handia izan du. Espero zenuten?
Bat-bateko arrakastak gu ere harrituta utzi gaitu. Lehen singlea, esaterako, irratira bidali, eta hurrengo egunean eman zuten. Merkatu zelan dagon jakinda, oso pozgarria da.
Eta bigarren singlea, noizko?
Epe motzean irratietara bigarrena bidaltzeko asmoa dugu. Taldeko kideok berbetan aritu gara, eta bigarren single bat ezagutzera emateko ordua badela uste dugu.