Busturiko Gazte Asanbladak Gazte Eguna antolatu du zapaturako. Iaz Gaztetxe Eguna egin bazuten ere, aurten
Gazte Eguna berreskuratu dute berriro. Aritz Arregi Gazte Asanbladako kidearen esanetan, “
baliabide gehiagogaz ibili gara aurten eta denbora gehiago ere izan dugu jai eguna antolatzeko. Hala, Gazte Eguna antolatzeko indartsu gaudela ikusi dugu berriro.
Iaz, baliabide falta eduki genuen eta
Gaztetxera mugatu behar izan genuen jaia”.
Gazteak herri bazkarian, iaz. Argazkia: Busturiko Gazte Asanblada
Egun osoko egitaraua prestatu dute beste behin ere, goizean hasi eta hurrengo eguneko goizera artekoa. Axpeko Otsozulo Gaztetxea eta inguruak erabiliko dituzte Gazte Egunean. Modu horretan, Gaztetxe ondoko aparkalekuan jartzen ari dira egunotan eszenatokia. Euria baldin bada, gainera,
karpa handi bat ere jarriko dutela azaldu du Arregik. Hala ere, prestatutako
jarduera gehienak gaztetxean bertan egingo dituztela jakinarazi dute.
Gaztetxean bertan emango diote hasiera egunari, eta ondoren, umeek aukera izango dute
puzgarrietan ondo pasatzeko. Bazkaldu aurretik,
Tukatukada Gernika-Lumoko batukada taldeak girotutako poteoa egingo dute Axpe auzotik. Izena ematen duten horiek, berriz, Gaztetxean egingo duten
bertso bazkarian parte hartu ahalko dute; Elortegi, Julenpo eta Mikelo bertsolariek parte hartuko dute. Ostean,
txapelketetan parte hartzeko aukera edukiko dute bertaratutakoek; mus eta futbolin tapelketak antolatu baitituzte.
Arratsaldean, kalera aterako dira berriro
Elektromatxino elektrotxarangagaz, eta
kontzertu eta musika jartzaileekin goizaldera arte dantzatzeko aukera izango dute Gazte Egunera bertaratzen diren horiek.
EGITARAUA
- 11:30. Hasiera Gaztetxean
- 12:00. Puzgarriak
- 13:30. Tukatukada + poteoa
- 15:00. Bertso bazkaria
- 17:00. Mus txapelketa eta Futbolin txapelketa
- 19:30. Elektromatxino
- 21:00. Teers & Beers, 4P4, Tooth, Urrats, DJ Otso + DJ Zulo