Barnealdekoa, kostaldekoa eta, orain, itsas erromesaldia. Donejakue bidea egiteko alternatiba aurkeztu berri dute, eta Euskal Herriko hainbat portu bildu dituzte bide horretara.
Kirol-kaiak zeharkatuko ditu erromesentzako bide berri horrek, eta Gipuzkoa eta Bizkaikoekin batera, Kantabria, Asturias eta Galiziakoak ere badira. Guztira, 17 kirol-kai zeharkatu beharko dituzte erromesek Hondarribiatik A Coruñarako bidean; tartean, Bermeokoa. Hala, itsasoko Donejakue bidea belaontzian edo bestelako laketontzietan egin dutenek Donejakue egiaztagiria zigilatu ahal izango dute aitortutako itsas institutuetan eta kapitaintzetan.
North Marinas elkartean batuta, Santiagoko artxidiozesiarekin hitzarmen bat sinatu dute, itsas erromesaldia arautu asmoz. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik azaldu duenez, «Europako hego-mendebaldeko penintsula atlantikoan Donejakue bidearekin lotura izan duten kaiek, North Marinas elkartean batuta, Santiagoko artxidiozesiari eskatu zioten onar zezala apostoluaren santutegira arteko itsas erromesaldia eta Donejakue egiaztagiria ematea 150 itsas miliatik gora nabigatzen dituztenei». Horiek, Kantauriko itsas bidean 280 kilometro inguru egin beharko dituzte. «Asmoa onartuta, proiektura batu daitezke Lapurdiko kaiak, Akitaniakoak , Poitou-Charentesekoak eta Bretainiakoak», Oregiren esanetan.
Bidea ofizializatu
Hondarribiako kirol-kaiak, Santanderreko Marinak, Gijongo Marina Yatesek, Gijongo kirol kaiak, Marina Viveirok, Marina Coruñak, Murosko kirol-kaiak eta Pobrako kirol-kaiak ekin zioten proiektu honi urtarrilean, Düsseldorf hirian egin zen Boot itsas azokan.
Oregiren hitzetan, «kultura- eta aisia-itsasketa penintsularen iparraldeko kostetan sustatzea eta itsasoko Donejakue bidea ofizialtzea ziren helburua». Izan ere, dagoeneko erabili izan den bidea da, baina ez zegoen araututa.
Orain, erregulazio bati kasu egin beharko diote erromesek. Jaurlaritzak dioenez, gainera, itsas zeharkaldiak zaleak erakarriko ditu: «Itsasoko Donejakue bideak erlijio-kulturaren zaleak erakarriko ditu Europa iparraldetik, Frantziatik eta Ingalaterratik, kultura-trukeari loturiko onurez gain. Ekimen horren bidez, Europako arku atlantikoaren beste alderdi sozial bat sustatuko da», gaineratu du Ana Oregi sailburuak.
Gipuzkoa eta Bizkaiari dagokienez, honako kirol-kaiak bildu ditu itsas erromesaldiak: Hondarribia, Donostia, Orio, Getaria, Deba eta Mutrikukoa Gipuzkoan, eta Bermeoko kirol kaia Bizkaian.