Ikastaroa eta hitzaldia egingo dute Arratzuko KZgunean. Argazkia: Danel Lauzirika
Arratzuko udalak eta herriko KZguneak
teknologia berrien inguruko
dohako ikastaro eta hitzaldiak antolatu dituzte, herritarrei zuzenduta. Ikastaroak
apiril honetan hasi eta hurrengo hilabateetan ere egingo direla jakinarazi dute.
Lehen kurtsoa apirilaren 12an egin zen, eta 26an emango dute bigarren eskola. Ikastaroa herriko Kzgunearen liburutegian egingo dute, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Lehen ikastaro honetara hurbiltzen direnek
Gmail eta posta elektronikoaren inguruko ezagutzak eskuratuko dituzte. Kurtsoaren iraupena lau ordukoa izango da, bi ordu egun bakoitzean.
Bestalde,
Nerabeak eta Smartphoneak hitzaldia izango da apirilaren 13an, 18:00etatik hasita eta 20:00etara bitartea. Hitzaldiak KZgunearen Kultur Aretoan izango dira.
Mintzaldi honetan, nerabeen arteko komunikazioan funtsezko tresna den
Smartphonearen arriskuak zeintzuk diren azalduko zaizkie bertaratutakoei.
Sortu daitezkeen arazoak nola saihestu eta nahigabekeriak ekiditeko irizpideak emango dituzte hitzaldiotan.
Hauetaz gain, hilean behin, teknologia berrien inguruko beste ikastaro eta hitzaldi batzuk emango direla aurreratau dute. Horrela Arratzuko KZ gunean: Google Drive, erosketak online nola egin, eta Android sistema operatiboaren erabilera erakutsiko dute, besteak beste.
Kurtso guztiek lau orduko iraupena izango dute, bi ordu egun bakoitzean. Hitzaldiek bere aldetik bi orduko iraupena izango dute.
«Herria dinamizatu nahi dugu, auzokideei interesatzen zaizkien zerbitzuak eskainiz». Adierazi dute udaletik. «Horrela helburu bikoitza lortzen dugu: alde batetik, toki publikoetan herritarrentzako baliagarriak diren ekintzak eskaintzea eta bestetik, herritarren arteko harremanak sendotzea; azken hau oso garrantzitsua da auzo sakabanatuak dituen Arratzu bezalako herri bat kohesionatzeko», gehitu dute udalekoek.