Amaia Elorza Bermeoko Udaleko Lurgintza Saileko zinegotziak jakinarazi duenez, “gutxi gorabehera 200-300 metro geratzen ziren egokitu barik”, eta lur horietako jabearekin akordio batera iritzi ostean egin dituzte lanok. Hala, Almika auzora joateko espaloia amaitu du Bermeoko Udalak, bai eta baranda jartzen amaitu ere. Gainera, bidean argiteria ere jarri dutela azaldu dute.

Almikara joateko bidea. Argazkia: Bermeoko Udala
Elorzaren arabera, “ezinbestekoa” zen lan horiek egitea: “Gunea egokitu behar zen eta irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzea beharrezkoa zen”. Hala, Almikara joateko bidearen egoera oinezkoentzako “asko hobetu” dela dio, espaloia, baranda eta argiteria jarrita.
Almika auzoan bertan, edukiontzioen irudia hobetzeko lanak ere egin dituzte. Azaldu duenez, olezko hesi bat jarri da edukiontzien inguruan “gunea hobeto antolatzeko eta txukuntzeko helburuagaz”.