Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak eta Bermeo Txirrindularitza taldeak antolatuta, bosgarren Bizikleta Eguna antolatu dute apirilaren 3rako, domekarako.
140 txirrindularitik gora izan ziren, iaz. Argazkia: Bermeoko Udala
Bizikleta Egunaren helburua, «herritarrak kirolaren garrantziaz sentsibilizatzea, osasunaren eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea, kirola Bermeoko kaleetan ikustaraztea eta kirola herritarrengana hurbiltzea» dela diote antolatzaileek.
Aurrekoetan egin modura, aurten ere, Lameran batuko dira parte hartu gura duten horiek. Hala, 10:30ean jarri dute hitzordua. Ginkana bategaz hasiko dute eguna. Lehenik eta behin, parte hartzaileek hainbat proba gainditu beharko dituzte joko ezberdinen bitartez.
Ondoren, 12:30ean, txirrinduak hartu eta pedalei eragiteko tartea izango dute izena eman duten horiek; umeek zein nagusiek parte har dezakete. Bermeo Txirrindularitza Taldekoekin batera, herriko kaleak zeharkatuko dituen ibilbide bat egingo dute.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, parte hartzaileek «ezinbestekoa» izango dute kaskoa eramatea ginkanan zein ibilbidean parte hartu ahal izateko.
Parte hartu gura dutenek apirilaren 3an bertan eman beharko dute izena.