Adin ezberdinetako lagunek osatutako talde batek Ideien Kontserbera sarea osatu dute. Sare irekia dela diote, “bakoitzak bere esparrutik, erealitatearen transformazioa jomuga duena”. Ideien Kontserberaren helburu nagusia Bermeoko eta eskualdeko egoera ekonomikoaren inguruko gogoeta sustatu, alternatiba posibleak aztertu eta horiek aurrera eramatea da.
Talaranzko kaleko kale interbentzioa
Ideien Kontserberak bide berri bat ireki gura duela diote taldeko kideek, eta norabidea “denon arteko eztabaidak” zehaztuko duela gaineratu dute. Horien arabera, alternatibak bilatzen hasteko ordua da.
Gaur egungo langabezia tasa altua dakarte gogora; Busturialdeko gazte eta emakumeen langabezia tasa nabarmenduta. Goi-formazioa daukaten gazte ugarik, berriz, lana bilatzera herritik edo eskualdetik kanpo joatera behartuta daudela azaltzen dute. Horregatik, Ideien Kontserbera mugimendua herrian edo eskualdean lan eta bizitzeko zer behar den hausnartzeko sortu da: “Nola mantendu dezakegu talentua herrian edo nola lortu dezakegu kanpoan daudenak herriratzea?”.
Dagoen arazoa bistaratzeko, taldeko kideek
Before I Die kale interbentzioa egokitu dute, Bermeoko Talaranzko kalean. Hutsik zegoen orube batean arbel bat margotu dute. Arbel horretan
Bermion lan eta bizitzeko nik… esaldia idatzi dute. Gunean, gainera, koloredun klarionak utzi dituzte, bakoitzak gura duena idazteko aukera izan dezan. Kale interbentzio horren bitartez, Ideien Kontserbera sarea ezagutarazi gura dute, batetik; eta bestetik, modu ludiko batean gainontzekoen iritziak ezagutu gura dituzte, parte hartzea sustatuta.