Kulturartekotasuna sustatzeko programak Ozeania landuko du aurten
Munduko beste aldean Ozeania. Horrela du izenburu Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak kulturarteko bizikidetza sustatzeko helburuarekin aurten garatuko duen programak. Sentsibilizazio lana egiteko asmoz, 4 eta 12 urte bitarteko ume eta gazteei dago zuzenduta, eta eskualdeko udaleku eta ludoteketan landuko dute.
Hala, irlaz irla ibiko dira aurten. Besteak beste, Australia, Zeelanda Berria, Papua Guinea Berria, Mikronesia edota Polinesia ezagutzeko aukera izango dute ume eta gazteek. Prentsa oharrean jakinarazi dutenez, lurreko surfa praktikatuko dute, Zeelanda Berriko All Blacks errugbi taldearen Haka dantza maoria ikasiko dute, Autsraliako entsalada egiteko aukera izango dute… Kontinente horretako bitxikeriak ezagutzeko parada emango die aurtengo programak; baita hango natura ere. Gainera, Ozeaniako aborigenen omenezko mozorroak egingo dituztela jakinarazi du Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak.
Arratzu, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Foru, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Gernika-Lumo, Mendata, Morga, Mundaka, Muxika eta Nabarnizen garatuko dute, eta, zehaztu dutenez, jolasean neska-mutilek goza dezaten da helburua, haien begirada beste errealitate batzuetara zabalduz. Printzipioz, udalerri bakoitzean hiru orduko bost saio egingo dituzte. Datak, saioak eta ordutegiak herri bakoitzeko antolaketaren arabera moldatuko dituztela jakinarazi dute. Lehen saioak Aste Santuan egingo dituzte, Arratzu, Mendata eta Mundakan. Izena ematea udalerri bakoitzean egin beharko da.