Alkartasuna Dantza Taldeak eta MB 2000 elkarte soziokulturalak antolatu dituzte jarduerak
Zer ospatu dute aurton
Alkartasuna Dantza Taldeak eta
MB 2000 elkarte sozio-kulturalak. Lehenengoa 40. urteurrena ospatzen ari da aurton; bigarrenak, berriz, 25 urte betetzen ditu. Biak batera, hortaz,
umeei zuzendutako egun berezia antolatu dute zapaturako. Hala, jokoetaz disfrutatzeko aukera eskainiko dute, bai eta euskal dantza eta musikaz gozatzeko aukera eman ere.
MB 2000 elkarteko kideak umeei aurpegiak marrazten
12:30ean hasiko dira jarduerak, Goiko Plazan. MB 2000 elkartearen eskutik,
umeek aurpegiak marrazteko aukera izango dute, besteren artean. 13:00etan, abiatuko dira, bestalde, Alkartasuna Dantza Taldeko umeak, Gizarte eta Kultura Etxetik.
Kalejiran, Goiko Plazara joango dira. Han, geldialdi bat egingo dute, eta zenbait dantza eskainiko dituzte. Ondoren, bi taldeak batuta,
mosaiko bat irudikatuko dute, bi taldeen izenekin.
Goiko Plazako ekitaldia amaitu ondoren, dantzariek kalejiran jarraituko dute, eta Taraskan egingo dute bigarren geldialdia. Taraskan ere umeen dantzak ikusteko aukera izango dute bertaratutakoek.
Alkartasuna Dantza Taldeko dantzari txikiak, aratusteetan
Bitartean, MB 2000 taldeko kideak, animatzen diren ume guztiekin, ohiko jokoak egiten ibiliko dira, Lameran. Han egongo dira Alkartasuna Dantza Taldeko dantzari gazteenak iritsi arte, eta elkarrekin emango diote amaiera zapatuko programazioari.