Behargintzak bideratuko ditu merkataritzako saltokiak modernizatzeko laguntzak
Beste urte batez, Bermeoaldeko Behargintza arduratuko da Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak merkataritzako saltokiak modernizatzeko abiarazi duen laguntza programa bideratzeaz.
Merkataritza saltokiak modernizatzeko laguntza programaren helburua 2015eko irailaren 15etik aurrera egin diren inbertsio proiektuak diruz laguntzea da. Onuradunak, betiere, jarduera nagusia merkataritza duten enpresa ertain eta txikiak izango dira.
Behargintzatik azaldu dutenez, batetik, merkataritza jarduerarako beharrezkoak diren ekipamenduak, altzariak eta lokalen erreformak eta modernizazioak laguntzen dituzte; eta bestetik, balantza elektronikoak, ekipo informatikoak, aplikazioak eta bere osagarriak.
Eskaerak egiteko epea dagoeneko zabalik dago, eta uztailaren 15era eska daitezke, «horretarako kontsignatutako kreditua ordurako amaitu ez bada», azaldu dute.