Zunbeltz Bedialauneta izendatu dute Ondarroako alkate
Eneritz Basurko eta Loren Arkotxa alkatearen laguntzaileak izango dira. Basurkok, gainera, jardun osoko liberazioa izango du, eta hirigintza arloa ere kudeatuko duAtzo Kofradia Zaharrean egindako ezohiko osoko bilkuran Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriag...
Eneritz Basurko eta Loren Arkotxa alkatearen laguntzaileak izango dira. Basurkok, gainera, jardun osoko liberazioa izango du, eta hirigintza arloa ere kudeatuko du
Atzo Kofradia Zaharrean egindako ezohiko osoko bilkuran Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga izendatu zuten Ondarroako alkate. Josu Arrizabalaga alkate ohia ordezkatzeko erabakia, hain zuzen ere, udal taldeak herritarrekin batera aurrez egindako hiru herri batzarretan adostu da.Alkateak nabarmendu zuenez, etorkizunari begira eta lanerako gogotsu dago udal gobernu berria «Ekainean agintaldi berria hasi genuen ilusio berberarekin jarraitzen dugu, herrigintzan; herritik eta herriarentzat lanean».
Udala herritarrei gerturatzeko nahia ere agertu zuen udal talde berriak. «Herritarren ideia eta ekarpenak egunerokoan jaso nahi ditugu, guztion behar eta nahietara egokitzen den Ondarroa berri bat eraikitzeko». Herri proiektua garatzeko parte hartzea ezinbesteko tresna izango dela ere gaineratu zuen. «Herriko sentsibilitate guztiei zabalik dagoen udala osatu nahi dugu».
Hutsuneak betetzera
Hori dela eta, aurrerantzean ideia, proposamen eta ekarpenak beldurrik gabe botatzeko deia egin die herritar eta eragileei.
Erabaki horrez gain, aurrerantzean, Eneritz Basurko Pagoaga eta Loren Arkotxa Meabe ere alkatearekin batera ibiliko dira egunerokoan lanean. Basurkok, gainera, jardun osoko liberazioa izango du, eta orain arte ez bezala, hirigintza arloa ere kudeatuko du Arkotxagaz batera. «Arlo berri bat da niretzat baina alboan esperientzia asko daukan kidea daukat eta erronka berriari ekiteko gogotsu nago», azaldu zuen Basurkok.
Basurkok azpimarratu zuenez, gainera, «ilusio eta indarrez betetako» taldea daukate. «Agintaldi hasieran zehaztutako erronkak betetzeko lan egingo dugu, orain arte bezala».
Josu Arrizabalaga eta Txomin Etxabururen hutsuneak betetzeko, ostera, Idurre Ibazeta Lertxundik eta Leire Beitia Anabitartek ere zinegotzi kargua hartu zuten atzoko bilkuran. Horrenbestez, Ondarroako Udala berregituratuta geratzen da.
Bukatzeko, bidelagun izandakoei ere esker ona adierazi nahi izan zien Bedialaunetak talde osoaren izenean. «Orain arte egindako lan guztiagatik eskerrak eman behar dizkiegu Josu Arrizabalagari eta Txomin Etxabururi».
Ia hiru aste
Josu Arrizabalaga alkate ohiak, hain zuzen ere, otsailaren 15ean utzi zuen alkatetza, «arrazoi pertsonalak» tarteko.
Denbora tarte horretan, herritarrek eta udal taldeak, bi zinegotzien ordezkoak aukeratzeko prozesua egin dute.