Zerbitzuek eta inbertsioek lehentasuna dute Foruko Udaleko aurrekontuetan
Iazko aurrekontuarekin alderatuta, 12.000 euro gehiago izango ditu udalak; 1.092.280 euro, hain zuzen. Bosgarren edukiontziaren ezarpena indartzeko asmoa agertu dute2016rako aurrekontuari hasierako onarpena eman dio Foruko Udalak, azken osoko bilkuran....
Iazko aurrekontuarekin alderatuta, 12.000 euro gehiago izango ditu udalak; 1.092.280 euro, hain zuzen. Bosgarren edukiontziaren ezarpena indartzeko asmoa agertu dute
2016rako aurrekontuari hasierako onarpena eman dio Foruko Udalak, azken osoko bilkuran. Iazkoarekin alderatuta, aurten, 12.000 euro gehiagoko aurrekontua izango du udalak. Hain zuzen ere, 1.092.280 euroko aurrekontua izango dutela azaldu dute udaletik, eta horietan, zerbitzuek eta inbertsioek lehentasuna edukiko dutela nabarmendu dute.Foruko alkate Jane Eyre Urkietaren arabera, «herri erakargarria eta iraunkorra edukitzea ezinbestekoa da herritarren bizi kalitatea bermatzeko». Udal gobernuaren erantzukizuna, hortaz, batetik, «zerbitzuak pertsonei ahalik eta hobeen egokitzea» dela dio; eta, bestetik, «egungo eta etorkizuneko beharrizanen araberako garapen orekatua sendotzeko eta dinamizatzeko inbertsioak kudeatzea».
Modu horretan, 2016ko aurrekontuetan, herriko familien eta bizilagunen beharrizanei erantzuteko zerbitzuak mantentzeko partidak nabarmendu dituztela jakinarazi du alkateak: «Ingurumen iraunkorraren irizpideetan oinarritutako zerbitzuen azpiegiturak hobetzeari zuzendutakoak eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) prozesuak aurrera egiteko beharrezkoak diren inbertsioetara». Azken horretara, 2016 eta 2017 urteen bitartean 126.000 euro bideratuko dituzte.
Familia behartsuak
Foruko Udalaren lehentasunean artean daude laguntza behar duten herriko familiak. Horregatik, beste urte batez, familia behartsu horiei eskaintzen dien laguntza ekonomikoa mantendu egingo dutela adierazi du alkateak. Jakinarazi dutenez, horiei laguntzeko zenbatekoa 6.500 eurotik gorakoa da, eta sei dira udalaren laguntza jasotzen duten familiak.
Bestalde, 2016ko udal aurekontuetan, herriko kultur eta kirol elkarteentzako diru laguntzak ere mantendu egingo dituztela jakinarazi dute.
Era berean, herritar guztiei «kalitatezko kultur zerbitzuak eskaini asmoz», Gernika-Lumon erroldatuta ez dauden erabiltzaileek, Santanape kiroldegia erabiltzeko, Segundo Olaeta musika eskolara joateko edota euskara ikasteko Aita Villasante euskaltegian ordaindu beharreko gehigarria ordaintzeko diru laguntzak mantenduko dituela azaldu dute Foruko Udaletik.
Kale argi berriak
Inbertsioei dagokionez, Foruko alkatearen arabera, nabarmentzekoa da Urberuaga auzoko kale argiak berrizteko gorde duten diru partida; 80.000 euro, hain zuzen. Diotenez, lan horien bigarren faseari ekingo diote aurten.
Bestalde, herriko irisgarritasuna bermatzeko eta segurtasuna eta zerbitzuetan hobetzeko, 14.000 euroko diru partida aurreikusten dute. Hain zuzen ere, kale izendegien mapa eta herriko GIS lokalizazioa egitea aurreikusi dutela dio alkateak.
Hondakinen birziklatze sistema hobetzeko inbertsioa egitea ere aurreikusi dute. Aurten, bosgarren edukiontziaren edo edukiontzi marroiaren ezarpena indartzeko asmoa agertu dute. Hala, iaz hasitako lanen bigarren faseari ekingo diote aurten. Horretarako, 16.000 euro aurreikusten dituzte. Birziklatze mota horrek «onurak» dakartza udalaren ustez: «Zabortegira bidaltzen diren hondakinen tona kopurua murriztea ahalbidetzen du, eta era berean, materia organikoa ongarri modura aprobetxatu daiteke».
Udalak duen mailegua kitatzeko, berriz, 91.000 euroko partida bat gorde dutela jakinarazi dute.