Bake-Leku txokoak eta Sarek antolatuta, dispertsio politika eta haren ondorioak izan zituzten berbagai eguaztenean Gernika-Lumon egin zuten hitzaldi-solasaldian. Elai-Alai aretoan izan zen, baita, Joseba Azkarraga (Agurain, 1950).

Azkarraga atzo, Elai-Alai aretoan/Argazkia: Gernika-Lumoko Sare
Sakabanaketa politikarekin amaitu behar dela dio Sarek. Zein da gaur egun presoek bizi duten egoera?
Estatuarekiko harremanari dagokionez, ETA modu aktiboan zegoen garaian baino egoera okerragoa bizi dute. Orain lau urte eta erdi hatu zuen su eten iraunkorra aldarrikatzeko erabakia, baina Gobernuak espetxe politikaren neurriak gogortu ditu. Presoak urruntzeko politika mantendu du, eta presoen %90 beraien sorterritik 1.400 kilometrora daude, batezbeste. Dispertsio politikak ez zuen zentzurik aplikatzen hasi zirenean, eta ez du zentzurik orain. Hori bultzatzeko arrazoiak, gainera, gaur egun ez daude.
Zeintzuk ziren arrazoi horiek?
Espainiako Gobernuan garai hartan PSOE zegoen, eta EAJren babesarekin praktikan jarri zuen dispertsio politika. Presoak urrundu zituzten erakunde armatuaren esanetara egon ez zitezen, hori zen beraiek eman zuten arrazoia. Absurdua da, eta ikuspuntu praktikotik begiratuta zentzurik ez zuen. Presoen sakabanaketa Logroño, Gasteiz, Bilbo eta Donostian espetxeratuta ere egin zitekeen. Baina sakabanaketak senideak zigortzea du helburu, mendeku politika da.
Politika horri aurre egitea gizartearen arazoa dela defendatzen du Sarek. Zein paper jokatu beharko lukete herritarrek?
Gakoa da gizartea mobilizatzea eta aktibatzea. Oinarrizko eskubideak urratzen ditu sakabanaketak , eta ezin dezakegu beste albo batera begiratu, edo ezker abertzalearen arazoa dela esan. Arazoa euskal gizartearena ere bada. Bere burua demokratikotzat duen gizarteak ezin du albo batera begiratu auzoan bertan astean 1.500 kilometro egin behar dituen familia bat duenean. Hala ere, ez nuke esango sakabanaketaren amaiera gatazkarekin amaitzeko ezinbesteko pausoa denik. Hau da, gatazka amaituko da biolentzia ekintzen kausak eta ondorioak desagertzen direnean. Eta biolentziaren ondorio dira biktimak, baina baita preso dauden 400 pertsonak eta exiliatuta zein deportatuta dauden hainbat herritar. Kolektibo horri irtenbidea eman gabe gatazka ez da amaituko.
Presoen senideak aipatu dituzu, eta sakabanaketa beraiei gehitutako zigorra ere badela. Kilometroak aparte, zelan eragiten die dispertsioak?
Presoen kolektiboa zaharra da, urte asko daramatzate kartzelan. Haien gurasoak nagusiak dira, ezin dituzte hainbeste kilometro egin bisitan joateko, eta ez dute elkar ikusi urte askoan. Bestalde, gazteak ere badaude preso, seme-alaba txikiekin, eta esfortzu ikaragarria egin behar dute barikuan ikastolatik irten, Andaluziarainoko bidaia egin, domekan buelta eta astelehenean berriro ikastolara joateko. Esfortzu ekonomikoa ere izugarria da; 20.000 euro urtean familiako. Eta distantziari dagokionez, senideek urtean munduari buelta eta erdi ematea besteko kilometro egiten dituzte. Hau dena, ETAren jardunik ez dagoenean.
*Elkarrizketa osoa, biharko HITZAn