Martxoaren 7rako, astelehenerako, erlaxazioa eta barre terapia osasunerako zenbaterainoko garrantzitsuak diren azaltzeko hitzaldi bat antolatu dute; hain zuzen ere, bi horiek osasun mentalean eta fisikoan eragiten dituzten onurak emango dituzte ezagutzera. Tribisarrospe Kultur Etxean eskainiko dute hitzaldia, 19:00etan.
Barre egiteak, besteak beste, beheraldiei eta loezinari aurre egiteko, zirulazio arazoak ekiditeko eta endorfinak askatzeko balio duela diote adituek. Aipatu hitzaldia Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Zainduz programaren baitakoa da.

Mundakako umeak, lehen garatzen zuten Guztiok proiektuaren baitako jarduera batean
Martxoaren 21ean, 22an, 23an, 29an eta 30ean, bestalde, 10:00etatik 13:00etara, Mundakako Ludoteka erabiltzen duten 4 eta 12 urte bitarteko herriko neska-mutilek Ozeaniako kultura ezagutzeko aukera izango dute. Horiei zuzendutako doaneko ikastaro bat antolatu du Mundakako Udalak. Azaldu dutenez, “parte hartzaileek, munduko beste aldean, Ozeanian, hain zuzen, zelan bizi diren ikasiko dute”. Tailerraren bitartez, horien ohiturak, tradizioak eta bestelako gauzak ezagutzeko aukera izango dute umeek. Parte hartu gura duten horiek aldez aurretik eman beharko dute izena, Ludotekan; horretarako azken eguna martxoaren 13a izango da.
Mundakako alkate Aitor Egurrolaren esanetan, “geure kultura ezagutu eta maitatzeaz gain, beste kultura batzuk ezagutzea ere garrantzitsua dela uste dugu, horiek errespetatzeko. Gure seme-alabei errespetuaren baloreak irakastea garrantzitsua da. Hala, herritarrak jarduera horretan parte hartzera gonbidatzen ditugu”.