Sekula baino goizago dator aurten Lekeitioko 39. Euskal Zine Bilera
Urriaren 16tik 23ra bitartean egingo da euskara hutsean egiten den zine bilera bakarra. Lanak aurkezteko epea zabalik dago eta uztailaren 31n amaituko daLekeitioko Udala 39. Euskal Zine Bilera, euskara hutsean egiten den zine bilera bakarra, antolatzea...
Urriaren 16tik 23ra bitartean egingo da euskara hutsean egiten den zine bilera bakarra. Lanak aurkezteko epea zabalik dago eta uztailaren 31n amaituko da
Lekeitioko Udala 39. Euskal Zine Bilera, euskara hutsean egiten den zine bilera bakarra, antolatzeari ekin dio, eta 2016ko edizioan parte-hartzeko oinarriak plazaratu dituzte jada. 39. bilerako aldaketarik aipagarriena data aldaketa izango da. Izan ere, Euskal Zine Bilera hilabete aurreratu dute: aurten urriaren 16tik 23ra bitartean ospatuko da eta lanak aurkezteko epea uztailaren 31n amaitzen da.Data aldaketaren arrazoi nagusia euskarazko zinemagintzak daukan hitzordurik garrantzitsuenari bere lekua ematea dela jakitera eman du Lekeitioko Udalak. «Horrela, Euskal Zine Bilera Donostiako Zinemaldiaren (iraila) eta Zinebiren (azaroa) artean kokatuko da. Urria euskal zinemaldiaren erreferente bilakatuz».
Dataz aldatzen bada ere, oinarri eta helburu berberak izaten jarraituko du jaialdiak. Alde batetik, euskarazko lan amateurrak saritu eta sortzaile berriei bidea egiten lagunduko diete. Bestalde, euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune izaten jarraituko du. Hori horrela, lehiaketak bi kategoria nagusi izango ditu, profesionalena eta amateurrena; eta urtero modura, parte hartzaile bakoitzak sailkatuko du bere lana batean edo bestean. Kategoria bakoitzean Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dituzte, saririk preziatuena Film Onenaren Saria izango delarik.
Sari horietaz gain, Euskal Zine Bilerak 500 euroko beste bi sari ere emango ditu: Gazte 22 Saria eta Antzar Morea.
Izen ematea
Euskal Zine Bilerara aurkezteko, lehenengo www.zinebilera.com orrialdean izen emate orria bete behar da. Datu guztiak bete eta inprimakia bidalitakoan lotura batek Click For Festivals plataformara bideratzen du, bertan kontu bat sortu, fitxa bete eta pelikula igo behar da. Amaitzeko, lana Euskal Zine Bilerara igo beharko da.
Guztira, ez dtuzte 50 film baino gehiago onartuko lehiaketan. «Gehiago jasoko balira Aukeraketa Batzordeak azterketa eta hautaketa lanak egin beharko ditu, beti ere profesional eta amateurren arteko oreka mantentzen saiatuz».