Berriro ere, edozein ibilgailuk sartu ahalko du oinezko gunera 07:00etatik 12:00etara
Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, Alde Zaharreko oinezkoentzako gunea arautzen duen ordenantzan zenbait aldaketa egingo dituzte. Joan den barikuan egin zuten Zerbitzu Batzordean, orain arte oinezko guneari lotuta sortu diren arazoak aztertu zituztela azaldu du Benito Ibarrolaza Zerbitzu Saileko zinegotziak, eta aho batez onartu zuten zenbait aldaketa egitea.

Intxausti kaleko sarrera
Otsailaren 1ean jarri zuen udalak martxan, Alde Zaharreko oinezkoentzako gunera sartzeko arautegi berria, eta ordutik kexa ugari izan dituzte. Horiek guztiak batu dituzte, eta irtenbideak ematen saiatu direla dio Ibarrolazak.
Orain arte, Alde Zaharreko bizilagunek, etxebizitza bakoitzeko eta garaje leku bakoitzeko baimen bakarra zuten; aurrerantzean bi ibilgailu baimendu ahalko dituzte. Bestalde, oinezko gunean etxebizitza duten jabeek, nahiz eta bertan bizi ez, sartzeko baimena eskatu ahalko dute; hain zuzen, ibilgailu baterako baimena eskatu dezakete.
Ekarpenak jasotzeko bilera
Alde Zaharrean erroldatuta dauden 65 urteko gorakoek edo menpekotasun egoeraren bat duten herritarrek, ibilgailu baimendurik ez duten bitartean, beste pertsona baten ibilgailurako baimena eskatu ahalko dute. Azkenik, beste behin ere, 07:00etatik 12:00etara oinezkoentzako gunerako sarbideak zabalik izango dira edozein ibilgailurentzat.
Gainontzeko baldintzek, momentuz, bere horretan jarraituko dute; hau da, gehienez, 30 minutu egon ahalko da Alde Zaharreko oinezko gunearen barruan, eta debekatuta dago aparkatzea.
Gainera, Zerbitzuetako Zinegotziak azaldu duenez, datozen egunetan, udal taldeetako ordezkariak herriko talde eta elkarte ezberdinetako ordezkariekin batzartuko dira araudiaren nondik norakoak aztertzeko eta ekarpenak aztertzeko. Elkarteren batek batzar horretan parte hartu gura badu, eta udaletik deia jaso ez badu, 94-617 91 29 telefono zenbakira deituta eman ahal du horretan parte hartzeko izena.
Horren ostean, araudian egin beharreko aldaketak bideratzeko prozesua martxan jarriko dute; izan ere, araudia berriro idatzi behar da, batzordean eta osoko bilkuran onartu beharko dute, eta azkenik, BOEn argitaratu beharko da. Hala ere, araudi aldaketa egitea aho batez onartu dutenez, «aldaketa horiek martxan jarri dira jada».
Malgutasunez jokatu
Ibarrolazak azaldu modura, «Alde Zaharra oinezko gunea izan behar dela uste dugu, baina jendea eroso sentitu behar da; batez ere, bertako bizilagunak, merkatariak, tabernariak…eurak baitira bertan bizi direnak».
Otsailaren 1ean arautegi berria martxan jarri zenetik, Bermeoko Udalak hainbat isun jarri izan dituela entzun izan da herrian, eta informazio hori gezurtatu gura izan du zerbitzuetako zinegotziak: «Udalak ez du isunik jarri. Egia da, baimena eduki ez eta oinezko gunera sartu diren ibilgailuetako jabeek gutun bat jaso dutela etxean, baina isun guztiak deuseztatu daude. Jendea jakinaren gainean egon dadin bidali dira gutunak, baina ez dira kobratu».
Modu horretan, malgutasunez jokatzen ari direla esan du Ibarrolazak.