Talaranzko kaleko etxe batean piztu da sua, 05:00ak aldera, eta ondoko etxebizitzak ere hustu dituzte.
Suhiltzaileak sutea piztu den kalean
06:30rako suhiltzailtzaileek kontrolpean zuten sua. Dagoeneko lanak amaitu dituzte suhiltzaileek, eta kalea garbitzen ari dira udaletxeko langileak. Bizilagun bat erietxera eraman dute, kea arnasteagatik.
Talaranzko 19 atariko 3. solairuan pizta da sua, bi anai bizi ziren etxebizitza horretan, eta ez da bizitzeko moduan geratu. Suak, hortaz, kalteak eragin ditu piztu den etxean eta teilatuan, bai eta ondoko eraikinetan ere. Talaranzko 21. zenbakiak, esaterako, eskaileretan izan ditu kalteak. Hala ere, hango bizilagunak 08:00ak aldera bueltatu ahal izan dira etxeetara.
Aurrekoetxea 25. zenbakiko teilatuan ere kalteak sortu ditu suak. Unatz Zearreta bermeotarra bizi zen, hain zuzen ere, Aurrekoetxea 25 zenbakiko 3. solairuan, eta denboraldi batez ezin izango du bere etxera bueltatu, “kiskalita” dago.
Aurrekoetxea 25 zenbakiko 3. solairua
Eguerdian oraindik urduri zegoen Zearreta, eraikinaren kanpoaldean. 05:00ak aldera izartu dela dio, ez daki ke usainagatik izartu den ala txakurra zaunka egiten ari zelako; “baina eskerrak izartu naizen”, dio. Bi solairu ditu haren etxebizitzak, goikoan egiten du lo eta hori da egoera txarrenean geratu dena, gainera.
Soinean zeramanarekin kalera jaitsi da, “zeozer hartzen saiatu naiz, baina kea zen nagusi, eta azkenean ezer barik joan naiz”. Momentu latzak izan direla azaldu du Zearretak, eta sustoa ezin kendu zebilen. Gunera iristen lehenak, Bermeoko Herri Babesako kideak izan direla aipatu dute inguruko bizilagunek, “suhiltzaileak abisua eman eta ordu erdi ingurura iritsi dira”.
Alokairuan bizi zen Zearreta. Etxebizitza berea ez bada ere, barruan zegoen guztia, bai ordea, eta behin hara sartuta konturatu da “gauza gutxi atera ahalko dituela onik”. Aseguroek, gainera, barruko gauzak ez dituztela kontuan hartzen, dio. Beraz, “asko galdu du”.
Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuarekin berbetan egon direla azaldu du, “ea posible duten ahalik eta arinen irtenbide bat eman”.
Ertzaintza sua zelan piztu den ikertzen ari dela jakinarazi dute.