Gisela Vega jokalaria.
Atzo arratsaldean 71-58 galdu zuten Star Center-Uni Ferrol taldearen kontra. Irabazten hasi zen talde gernikarra, eta 28-31-ko markagailu estuagaz amaitu zuten bigarren laurdena. Baina, atsedenaldiaren ostean, etxekoek markagailuari buelta ematea lortu zuten.
Gernika Bizkaiak joko-erritmoa jaitsi izana ondo aprobetxatu zuten galiziarrek, eta orduan aurkaria estutzea lortu eta garaipena eskuratzeko puntuen bila aritu ziren.
Hala ere, jardunaldian albiste pozgarria ere jaso du taldeak, Gisela Vega Gernika Bizkaiako jokalaria 20. jardunaldiko jokalaririk onena izendatu baitute (bigarren aldiz denboraldi honetan).
Zehatz esateko Emakumeen Ligako jokalarien artean MVP
(Most Valuable Player) izendapena jaso du, hau da, Vegak lortu du jardunaldiko baloraziorik onena. Hain zuzen ere, 32 puntu eman dizkiote, atzoko partidan 27 puntu, bederatzi errebote eta bi berreskuratze lortu eta sei falta jaso zituelako.
Aste honetan bi hitzordu
Emakumezkoen Ligako denboraldia amaitzeko sei jardunaldi baino ez dira geratzen, eta aste honetan bi partida jokatuko dituzte.
Gernika Bizkaiak Malosten du hitzordua etzi, 20:00etan. Leongo (Gaztela eta Leon, Espainia) Embutidos Pajariel Bembibre taldearen kontra jokatuko du.
Asteburuan, berriz, etxetik kanpo, Gironan (Herrialde Katalanak) lehiatuko dira. Hain zuzen ere, gaur gaurkoz, Spar Citylift Girona sailkapeneko bosgarrena da 33 puntugaz, eta bi puntu gutxiagogaz Gernika Bizkaia seigarrena da.
Bestalde, Perfumerias Avenida liderrak 39 puntu ditu, eta C.B. Conquero Huelva Wagen bigarrenak 36 puntu ditu. Horien atzetik 33 puntugaz berdinduta daude Cadi La Seu, Mann-Filter eta Spar Citylift Girona.