Eskura plana martxan jarri du erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak, eta hiru fasetan egingo dutela azaldu du Bermeoko Gure Esku Dagok: Adierazpena, ituna eta galdeketa. Beraz, adierazpenaren faseari ekin dio, eta ituna udazkenean egiteko asmoa du. Herri plataformak jakinarazi duenez, “erabakiaren aroa hasi da”, eta Eskura plana bere eginez, herritarrak hautestontzietatik harago eramango dituen bideari ekin dio.
Bermeoko Gure Esku Dagok Goiko Plazan zabaldu du lokala
Hain zuzen, herri galdeketa 2017ko apirilerako egitea aurreikusten du Bermeoko Gure Esku Dagok; 2018an Euskal Herri mailakoa egin aurretik.
Atzo aurkeztu zuten plana herritarren artean, Gure Esku Dago-ren lokalaren inaugurazioan, hain zuzen. Esan zutenez, aurkeztu duten adierazpen proposamenari ekarpenak egiteko hilabeteko epea izango dute bermeotarrek. “Denon artean, ahalik eta adierazpenik adostuena eta parte hartzaileena lortu guar dugu”, esan dute. Hala, maiatzerako adierazpen bateratu bat prestatu gura dute, ostean herriari aurkezteko.
Adierazpena adostuta, Bermeoko Ituna prest izan gura dute udazkenerako, eta galdeketarako batzordea sortuko dute ostean.
Halaber, ekarpenak egin ostean Eskura plana jendartean aurkezteko eguna ere zehaztu dute. Apirilaren 10ean izango da, 12:00etan, Nestor Basterretxea aretoan.