Bermeoko Berton txiki-erdi enpresen elkarteak urtero antolatzen duen Merke-merke azoka zapatuan egitekoa bazen ere, emanda dagoen eguraldi txarragatik atzeratzea erabaki dute antolatzaileek. Hala, martxoaren 5ean egingo dutela jakinarazi dute.
Beste behin ere, egun bakarreko azoka izango da, eta Taraskan bilduko dira herriko saltokiak, 10:00etatik 20:00etara.
iazko merke-merke azoka
Inoiz baino saltoki gehiago izango dira aurtengo merke-merke azokan; hain zuzen ere, 23 denda izango direla azaldu du Bertoneko teknikari Amaia Galvanek.
Merke-merke azokara bertaratzen direnek «kalitatezko produktuak» eskuratu ahalko dituzte, «prezio ekonomikoetan». Mota askotako produktuak aurkitu ahalko dira; besteren artean, ume, gazte, gizon zein andrazkoentzako oinetakoak eta arropak, barruko arropak eta dekorazioa izango dira aukeran.
Azoka horren bitartez, herriko dendak herritarrengana hurbiltzen direla uste dute Berton elkartekoek.