Venancio, Zarra, Panizo eta Gainzarekin batera, Athleticeko aurrelari lerro ospetsuenetako bateko kide izan zen gernikarra. Hamahiru denboraldiz jokatu zuen Athleticen, 1940etik 1953ra, eta bost titulu irabazi zituen: Espainiako Liga bat (1942-43 sasoian) eta Espainiako lau Kopa (1943an, 1944an, 1945ean eta 1950ean). Athletic utzi ondoren, beste bi urtez jokatu zuen, lehenengoa Barakaldon, eta azkenekoa Realean. Gerora entrenatzaile ere aritu zen.
Iriondori Gernika-Lumon egindako omenaldia
Gernikako bonbardaketaren lekuko izan zen Iriondo. 2006ko martxoan
BERRIAk argitaratu zuen hari egindako elkarrizketa: “Pilota partidak zeuden egun horretan arratsaldean, eta ni pasako epailea izatekoa nintzen. Hegazkin batzuk pasatu ziren goizean, eta eguerdian jada kezkatzen hasi ginen. Arratsaldean lagun batzuk eta ni Gernika kanpoaldera atera ginen. Bermeotik hegazkin bat etorri zen, eta babeslekuan sartu ginen. Gehiago etorri ziren orduan. Bonba batzuk bota zituzten, bonba apurtzaileak ziruditen. Babeslekutik atera eta etxeak sutan aurkitu genituen. Etxea, denda… dena erre ziguten”.
Gudari ere ibili zen. Atxilotu egin zuten, eta Lizarrara (Nafarroa) preso eraman eta Teruelera (Espainia) nazionalekin borrokatzera behartu.
Athleticek eta Bizkaiko Foru Aldundiak omenaldia egin zioten 2013an, Gernika-Lumon bertan, eta hainbat lagun batu ziren Lizeo Antzokian.
Athletic Clubek bere “doluminik sentikorrena” adierazi dizkie bere senide eta lagunei.