Indar eta eragin handia du errugbiak Gernika-Lumon.
Duela hamahiru-hamalau bat urtetik gizonezkoak baino ez dira ari, baina egoera horri buelta emateko prest agertu dira Gernika-Lumo eta inguruko hainbat neska. Gaur gaurkoz, hamabost bat lagun elkartu dira, baina gehiagoren egarria dute, eta oraindik errgubia ezagutzen ez dutenei zein ezagutzen dutenei entrenamenduetara bertaratzeko deia egin diete.
Errugbian entrenatzen hasi diren neskak
Zenbait neska euren kabuz hasi ziren biltzen eta errugbian entrenatzen aste birik behin. Orain, Ander Bilbao errugbi jokalaria gehitu zaie taldera, entrenatzaile lanetan aritzeko.
Joan den domekan eduki zuten lehen entrenamendu ofiziala, eta aurrera begira astero biltzeko asmoa erakutsi dute.
Bihar dute hurrengo hitzordua 13:00etan, Urbietan.
«Gernika-Lumon bazegoen nesken talde bat, eta oso ondo jokatzen zuen.
Lortu egin behar da, beraz, berriro ere nesken taldea egotea; horiek,
gainera, gogotsu daude. Eta herria bera ere ilusioz da», azaldu du Bilbaok. «Jendea entrenamenduetara etortzea eta errugbia gustatzea da lortu behar dena; behintzat, etor daitezen eta proba dezaten». Hala, kontakturik gabe entrenatzen ariko dira, momentuz; jokoen bitartez, errugbia ezagutzen.
Izan ere, badira taldean inoiz errugbian jokatu ez dutenak ere. Eta badira baita ere, beste talderen batean jokatzen dabiltzanak.
Bata edo bestekoa izanik,
18 urtetik aurrerako nesken beharra du Gernika-Lumon sortu nahi duten nesken errugbi taldeak. Nagusien mailan jokatuko duen taldea gura dute, baina 13 urtetik aurrerakoek ere izango dute tokia.
Irailerako prest egon nahi dute neskek, eta bitartean, entrenatzen jarraituko dute, eta, ahal izanez gero, jende gehiago biltzen. Bilbaok adierazi duenez, aurrera begira, astean bi-hiru aldiz entrenatzea da asmoa.