Diseinatzaile gernikarraren jantziak Foru Liburutegiko areto nagusian daude ikusgai, beste hamar bat diseinatzaile gazteren lanekin batera.
Oihal artean erakuksetak Txertudiren diseinuak ere jaso ditu
Marta Perez Elosua argazkilariaren obra da
Oihal artean. Erakusketak 20 argazki jasotzen ditu, eta, diseinatzaileen lanen edertasuna jaso gura izan du argazkietan. Horretarako, diseinu bakoitza diseinatzailearen jatorriarekin eta nortasunarekin zerikusia duten lekuetan erretratatu du.
Paul Txertudi gernikarrak azaldu duenez, bere kolekzioko bi diseinu aukeratu zituen Perez Elosuak, eta Gernika-Lumoko Europa parkean atera dizkie argazkiak. Joana Porres izan du modelo lanetan, eta emaitzarekin oso gustura dagoela esan du Txertudik. “Proiektuaren berri jakin nuenean parte hartzeko prest agertu nintzen, gustura gainera. Gure lana pasarelatik kanpo ere erakusteko aukera bat da. Ekimen desberdina da, argazkilaritza eta moda uztartzen dituena, eta oso interesgarria iruditu zait”, azaldu du gernikarrak.
Sorkuntzaren eta argazkigintzaren ikuspegitik eginda daude argazkiak, eta. osagarri legez, lau diseinatzailek egindako bozetoak eta euskaldunok historian zehar -Bizkaian bereziki- XVI eta XIX. mendeetan zehar erabilitako jantziak erakusten dituzten laminak ere badaude erakusgai.
Formatu handiko argazkiek Jon Mikeo, Eder Aurre, Paul Txertudi, Antxia anaiak, Nerea Sánchez Bediaga, Peio Durán, María Blanco, Miriam Ruíz Bríz, Janire Olano eta María García Ezquerro diseinatzaileen lanak erakusten dituzte; diseinatzaile horiek, gazteak izan arren, moda-munduan arrakasta lortzen hasiak dira eta dagoeneko hainbat sari jaso dituzte, Getxo Moda, CreaMODA edo Bilbao International Art&Fashion lehiaketetan, esaterako.
Erakusketa apirilaren 15a bitartean izango da ikusgai.