Foruko Udalak joan den astean egindako Osoko Bilkuran onartu zuen Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) idazteko lanak esleitzea. BEZa kanpo, 126.000 euro ordainduko ditu udalak planaren idazketa lanak egiteagatik; eta jakinarazi dutenez, 18 hilabetean amaituta egon beharko luke.
Parte hartze prozesuaren berri eman zuteneko irudia
«Kontratatu dugun erredakzio taldeak lan handia du aurretik; bai eta erantzukizun handia ere», dio Foruko alkate Jane Eyre Urkietak. Hasieratik, herritarren «beharrizanak eta kalitatea» nagusitu dituzte, eta horiek kontuan izanik, «etorkizuneko Forurako garapen on bat adostea» espero duela esan du alkateak.
Erredakzio lan talde bat kontratatzerako orduan, Foruko Udalak zenbait baldintza izan ditu kontuan; besteren artean, euskaraz mintzatzeko gaitasuna izatea ezinbestekoa zela aipatu dute. «HAPOaren elaborazio prozesu guztian herritarrekin egindako partaidetza foroetan, informazio hitzaldietan edota batzorde teknikoetan euskaraz mintzatu ahal izateko», azaldu du Foruko alkateak. Izan ere, prozesu osoan, herritarren partaidetza ezinbestekoa dela diote udaletik. HAPOaren idazketa «koordinatutako prozesu baten modura» planteatzen dute, eta horretan udalbatzak herritarren planteamenduak kontuan hartuko dituela azaldu dute.
Foruko Udaletik jakinarazi dutenez, HAPOaren idazketa behin betiko onartu arte, zazpi fase aurreikusten dituzte.