Bermeo, portua, itsasoa… Kamara eskuan, urteak eman ditu Txaber Miravalles etxebarritarrak Bermeon argazkiak ateratzen.
Bermeoko argazkiak biltzen dituen erakusketa, Astran
Gehienbat, itsasoa erretratatu duela dio. “Itsasoa, itsasotik portura eta portutik itsasora”. Bermeon edertasuna erraz aurki daitekeela uste du; bermeon bizi da gaur egun, eta hasierako lilurak erakarri ziola dio. “Edertasuna eskaini dezakeen herria da Bermeo, eta horrek erakarri ninduen”. Sarritan oharkabean geratzen direnak balorean jartzea izan da, hain zuzen, Miravallesen asmoetako bat.
Itsasoa, olatu horma, hondartza, harriak, gaua, izarrak… Elementu ugari biltzen dituzte bere argazkiek, eta horien konposizioari garrantzia ematen dio; argazki politak egin nahi dituela dio.
Astran 12 argazki ipini ditu erakusten, eta azken 3 urteetan atera dituenen artean egin du aukeraketa. Politagoak ere izango dituela dio Miravallesek, “baina hori ere subjektiboa da”, dio. Astrara bere gustuko argazkiak ekarri ditu, eta denboraleak erakusten dituzten argazkiak ez daude. “Izan baditut, baina ez ditut ekarri”.
Martxoaren 21a bitartean izango dira argazkiak ikusgai, Astrako lehenengo solairuan.