«Gorputza zaintzea oinarrizkoa da, ez luxu bat»
Heziketa fisikoko irakasle da Elisabeth Urrutia, baina ikasketa horiek bestelakoekin osatu ditu. Kirol masajeen tekniko espezialista ere bada, eta baita kiromasajista eta oinetako erreflexologian aditua ere. Berriki, gainera, lomi-lomi deritzon masaje ...
Eskuak dira bere lanabesa, ez baitu makinarik edo tresnarik erabiltzen. Esentzia-olio guztiz naturalak erabiliz eta nahastuz, pazientearengan era bateko edo besteko eragina lortzen dute bere esku eta besoek. Masaje guztiak, gainera, harri bolkanikoak erabiliz amaitzen ditu, horien berotasunaren bidez, egindako lanak barrurago izan dezan eragina, eta bezeroa guztiz erlaxatu dadin.
Hainbat dira tratatu ditzakeen gaitzak, bai fisikoak zein buruari dagozkionak. Izan ere, «burua eta gorputza guztiz lotuta» daudela deritzo. Azken finean, blokeatuta dagoen gorputzari laguntza ematen dio Urrutiak, «zuzendu», berak bakarrik egin dezan ondoren bidea. «Gure gorputza kanal bat da, erreka bat, eta batzuetan bideratzen lagundu behar zaio, ibilgutik ondo joan dadin». Erreflexologiaren emaitzak ere nabarmendu ditu Urrutiak, oinetako puntu zehatzak landuz, gorputzeko atal konkretuak nahiz barruko organoak tratatu daitezkeelako.
«Gorputza zaintzea bizitza osasuntsu baten oinarria» da, eta ezinbestekoa da gure euskarria den hori zaintzea. «Ez da luxu bat, beharrizan bat baizik». Hala, eskaintzen dituen masajeak ez dira garestiak, ordu erdikoak 20 euro balio baitu, eta ordubete pasatxokoak 30. «Azken horretan, atal bat beharrean gorputz osoa landuko genuke».