Euskal Autonomia Erkidegoko hegaztiei buruzko esperientzia, ezagutza eta iritzi ezberdinak partekatzeko helburuagaz, Aranzadi zientzia elkarteak Bizkai, Araba eta Gipuzkoako I. Kongresu Ornitologikoa antolatu du astebururako. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko laguntzagaz antolatutako kongresua da.
Bi ornitologo behaketak egiten Urdaibaiko paduran. Argazkilaria: Urdaibai Bird Center
Barikuan hasi eta domekara bitartean, Busturian kokatuta dagoen Euskadiko Biodibertsitate Zentroan batuko dira ornitologoak. Aranzadi zientzia elkartetik azaldu dutenez, «asko dira hegaztien inguruan Euskal Autonomia Erkidegoan egin diren ikerketak. Hala ere, orain arte, ez da inoiz Ornitologia Kongresurik egin». Asteburuan, hegaztien ezagutza, jarraipen estrategiak eta monitorizazioa eta kontserbazioan ageri diren arazoak modu espezializatu batean lantzea izango dute helburu.
Kongresua, gainera, ornitologian lan egiten duten profesional zein zaleei zuzendutakoa dela azaldu dute antolatzaileek. Hitzaldietan edota mahai inguruetan parte hartzeko aukera izango dute bertaratutakoek, bai eta entzule modura soilik egoteko ere.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ornitologia bultzatzeko balioko duen kongresua izatea espero dute; bai eta harremanak, lankidetza sareak eta komunean dauden proiektuak sustatzeko ere. Azken finean, hegaztiei buruz dagoen ezagutza eta kontserbazioa hobetzeko balio izatea espero dute Aranzadikoek.