Ia maila guztietako podiumean sailkatu dira bertoko arraunlariak
Traineru eta trainerilla denboraldiaren aurretik, urtero lehiatzen dute batel liga Bizkaiko arraunlariek. Joan den asteburuan, esaterako, denboraldiko hirugarren estropada lehiatu zuten Sestaoko uretan, eta Lea-Artibai zein Busturialdekoek maila ona erakutsi zuten, ia maila denetan podiumean sartuta.
Bermeok, esaterako, estropada irabaztea lortu zuen gizonezkoetan, haurren kategorian eta baita kadeteenean ere. Emakumezkoetan, haur eta kadete kategorian, hirugarren postua bereganatu zuen.
Lea-Artibaiko arraunlariak ere fin aritu ziren; haurretan, adibidez, bigarren egin zuen Isuntza B talde mistoak. Ondarru, berriz, laugarren postuan sailkatu zen emakumezkoen gazte eta nagusiak biltzen dituen kategorian.
Azkenik, gizonezkoen nagusien mailan, lehenengo hamarren artean sailkatzea lortu zuten bertoko taldeek. Seigarrenetik bederatzigarrenerako postu guztiak ekarri zituzten Lea-Artibai eta Busturialdera. Isuntzak egin zuen seigarren; Mundaka Ak, berriz, zazpigarren; Mundaka b-k zortzigarren eta Bermeok bederatzigarren.
Elantxobeko neska-mutilak ere bogan aritu ziren, aurreko estropadetan bezala, Sestaon.