Emaitza onekin hasi dute bertokoek Munduko Sokatira Txapelketa
Muruetak bosgarren eta zortzigarren egin zuen atzo, 640 kilotan. Abadiñogaz, Ibarragaz, Sokarrigaz eta Gaztedigaz lehiatuta, emaitza bikainak lortu dituzte bertokoekAtzo hasi zen Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa Volendamen (Herbeherak), eta ig...
Muruetak bosgarren eta zortzigarren egin zuen atzo, 640 kilotan. Abadiñogaz, Ibarragaz, Sokarrigaz eta Gaztedigaz lehiatuta, emaitza bikainak lortu dituzte bertokoek
Atzo hasi zen Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa Volendamen (Herbeherak), eta igandera bitartean, sokari tiraka ariko dira parte hartzaileak. Guztira, 107 talderen parte hartzea izango da, eta euskaldunek ere beraien ordezkaritza dute. Basque Country izenarekin hasiak dira parte hartzen Hego Euskal Herriko 11 talde; horien artean, Muruetakoak.Klub mailako lehian aritu ziren atzo, eta gaur ere hala ariko dira. Goizean 560 kilotan lehiatzekoak ziren muruetarrak, baina azkenean, 640 kilotan baino ez ziren aritu. Talde bi aurkeztu zituzten pisu horretan. Murueta A-k bosgarren egin zuen bere taldean, eta Murueta B-k, berriz, zortzigarren. «Jende handia eta indartsua» aurkitu dute Volendamen, baina beraiek egindakoagaz ere, «pozik eta gustura» dira.
Herriko taldearekin ez ezik, beste hainbat taldegaz jardun ziren atzo Muruetako tiralariak. Sokarri taldean jardun zuten, esaterako, herri horretako lau lagunek. Talde erdia, hortaz, Busturialdekoek osatu zuten, eta emaitza oso onak lortu zituzten 560 kilotan; izan ere, brontzezko domina eskuratu zuten.
Ibarra taldeagaz Murueta taldeko beste bi lehiatu ziren 560 kilotan, eta pisu berean jokatu zuten Munduko Txapelketa beste bi lagunek Abadiñogaz. Azken talde horrek, gainera, bere taldean hirugarren egitea lortu zuen.
Nesketan, bigarren
23 urtez azpikoek ere izan zuten txapelketa lehiatzeko aukera. 600 kilotan, Ñapurrak taldeagaz egin zioten tira sokari Muruetako hiru lagunek.
Emakumeetan ere, pozik egoteko arrazoiak dituzte Bermeoko Erika Julieth Rojasek eta Batirtze Ispizuak, Gaztedi taldeagaz bigarren egitea lortu baitzuten 540 kilotan.
Gaur ere klub mailako tiraldiekin jarraituko dute. 09:30ean hasiko da txapelketa, eta orduan hasiko dira bertokoak sokari tira egiten, 600 kilotan. Pisu horretan ere, talde bi aurkeztuko dituzte.
Kluben arteko txapelketa alde batera utzita, nazioen artekoari ekingo diote bihar 09:30ean. Domekan, aldiz, Munduko Txapelketako azken proba lehiatuko dute 14:30ean hasita. Guztira, 24 herrialde ariko dira lehian; horien artean, Basque Country. Muruetakoek bihar eta domekan 13:30ean izango dute hitzordua, 640 kilotan eta 680 kilotan lehiatzeko, hurrenez hurren.