Lurgaia fundazioak eta konpainia elektriko batek 2008tik daukaten hitzarmen bati esker, azken urteetan hainbat eremutan bertoko zuhaitz eta zuhaixken landaketak egiten aritu dira adimen urriko pertsonen Gorabide elkartekoak. Aurreko urteetan Bermeon ibili dira boluntarioak lanean, baina aurtengorako Muxika aukeratu dute. Hala, Undabasoko basoa leheneratzen aritu ziren joan den zapatuan.
40 boluntario inguru batu ziren hitzordura. Hasierako azalpenen eta klase teoriko txiki baten ostean, zuhaitz aleak eta tresnak eskuetan hartu, eta lanari ekin zioten. Lurgaia fundazioak zehaztu duenez, emankorra izan zen eguna, guztira 326 zuhaitz eta zuhaixka landatu baitzituzten; besteak beste, urkiak, haritzak, gereziondoak, sagarrondoak, sahatsak, elorri zuriak eta haltzak. Gorosti eder bat ere landatu zuten elkartekideek elkarrekin.
Muxikan beharrean aritu diren ume eta helduak
Zetazeoak behatzen, etzi
Bestalde, zetazeoak behatzeko irteera egingo du domekan Lurgaiak. Bermeon jarri du hitzordua, 09:00etan, eta sei orduko irteera izango dela aurreratu du.
Joateko ezinbestekoa da izena ematea. info@lurgaia.org helbidearen bidez egin daiteke inskripzioa.