Gaur hasi dute Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa Volendamen (Herbeherak), eta igandera bitartean, sokari tiraka ariko dira parte hartzaileak. Guztira, 107 talderen parte hartzea izango da, eta euskaldunek ere beraien ordezkaritza badute. Basque Country izenarekin hasiak dira parte hartzen Hego Euskal Herriko 11 talde; horien artean, Muruetakoak.
Murueta Sokatira Kirol Klubeko kideak. Argazkia: Txebi Arriaga
Klub mailako lehian aritu dira gaur, eta bihar ere hala ariko dira. Goizean 560 kilotan lehiatzekoak ziren muruetarrak, baina azkenean, 640 kilotan baino ez dira aritu. Talde bi aurkeztudituzte pisu horretan. Murueta A-k bosgarren egin du bere taldean, eta Murueta B-k, berriz, zortzigarren. «Jende handia eta indartsua» aurkitu dute Volendamen, baina beraiek egindakoagaz ere, «pozik eta gustura» dira.
Herriko taldearekin ez ezik, beste hainbat taldegaz jardun dira gaur Muruetako tiralariak. Sokarri taldean jardun dute, esaterako, herri horretako lau lagunek. Talde erdia, hortaz, Busturialdekoek osatu dute, eta emaitza oso onak lortu dituzte, 560 kilotan; brontzezko domina bereganatuta.
Ibarra taldeagaz Murueta taldeko beste bi lehiatu dira 560 kilotan, eta pisu berean jokatu dute Munduko Txapelketa beste bi lagunek Abadiñogaz. Azken talde horrek, gainera, bere taldean hirugarren egitea lortu du.
Bermeotarrak Gaztedigaz, bigarren
23 urtez azpikoek ere izan dute txapelketa lehiatzeko aukera. 600 kilotan, Ñapurrak taldeagaz egin diote tira sokari Muruetako hiru lagunek.
Emakumeetan ere, pozik egoteko arrazoiak dituzte Bermeoko Erika Julieth Rojasek eta Batirtze Ispizuak, Gaztedi taldeagaz bigarren egitea lortu baiute 540 kilotan.
Bihar ere klub mailako tiraldiekin jarraituko dute. 09:30ean hasiko da txapelketa, eta orduan hasiko dira Muruetakoak sokari tira egiten, 600 kilotan. Pisu horretan ere, talde bi aurkeztuko dituzte.
Nazioen arteko txapelketa
Kluben arteko txapelketa alde batera utzita, nazioen artekoari ekingo diote zapatuan 09:30ean. Domekan, aldiz, Munduko Txapelketako azken proba lehiatuko dute 14:30ean hasita. Guztira, 24 herrialde ariko dira lehian; horien artean, Basque Country. Muruetakoek bihar eta domekan 13:30ean izango dute hitzordua, 640 kilotan eta 680 kilotan lehiatzeko, hurrenez hurren.