Bermeoko Berbalagun egitasmoak argazkiak eta tertulia ekimena antolatu du datorren martitzenerako, hilaren 23rako, hain zuzen ere. Ipuin Lapikoko lagunekin batera, argazkietaz baliatuko dira bertoko bizipenak kontatzeko.
Joan den martitzenean batu zen taldea
Berbalaguneko koordinatzaile Marimar Hernandezen arabera, «orain arte antolatu ditugun argazkiak eta tertulia ekimenetan, bertokoek kanpora egindako bidaiak kontatu izan dituzte; Asia hegoaldera, Afrikara… Horietan beti entzule izaten ziren Ipuin Lapikoko lagunak, eta eurei omenalditxo bat egin asmoz, eurek euren bizipenak kontatzera hurbiltzea bururatu zitzaidan».
Modu horretan, Bermeon bertan izandako bizipenak, pasadizoak, gogoetak… entzuteko aukera izango dute martitzenean, 18:00etan, Gizarte eta Kultura Etxeko hitzaldi aretora bertaratzen direnek. «Bermeotarren bizitzaren zatitxoak entzuteko aukera paregabea egongo da, argazkien laguntzagaz», dio Hernandezek.
Hizketaldia garrantzitsuena
Ipuin Lapikoko lagunez gain, edozein herritarrek izan du parte hartzeko aukera. Joan den martitzenean batu ziren, hilaren 23ko tertulia prestatzeko.
Kontakizunak garrantzitsuak badira ere, garrantzitsuena horien inguruan sor daitezkeen hizketaldiak direla azaldu du Hernandezek: «Azken finean gure helburua euskaraz berba egiteko lotsa kentzea da».