Larriki gaixorik dauden presoen alde jauzi egiteko eskatu du Sare herritarrak
Nazio mailako dinamika ibiltaria abiatu dute, Sarek martxan jarri duen trenaren baitan. Lekukoa Errenteria-Oreretan eskuz esku ibili ostean, hilabete barru Ondarroara ailegatuko daLarriki gaixorik dauden euskal presoak espetxeetatik atera eta etxera ek...
Nazio mailako dinamika ibiltaria abiatu dute, Sarek martxan jarri duen trenaren baitan. Lekukoa Errenteria-Oreretan eskuz esku ibili ostean, hilabete barru Ondarroara ailegatuko da
Larriki gaixorik dauden euskal presoak espetxeetatik atera eta etxera ekarri nahi ditu Sarek. Adostasunetik konpromisora jauzi egiteko unea da Sareren iritziz eta horren harira nazio mailako dinamika ibiltaria abiatuko dute. «Sare herritar honek borondateak mugitzeko asmoz tren bat jarri du martxan, giza eskubideen errespetua abiapuntu izatetik, preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen geltokiraino. Ibilbide horretan, larriki gaixo dauden presoen kaleratzea ezinbesteko pausua da».Sarek martxan jarri duen tren horren baitakoa da zapatuan Errenteria-Oreretan (Gipuzkoa) aurkeztu zuten dinamika. Lehenengo geltokia bertan izango du dinamika horrek, eta Aitzol Gogorzaren gurasoek hartu zuten Juan Gorriti eskultoreak egindako lekukoa, eta trenari bagoiak txertatzen joango dira, preso gaixoa dagoen herri bakoitzetik pasako baita dinamika. Ibon Iparragirre, Jose Ramon abetxuko, Aitzol Gogorza, Garikoitz Arruarte, Gorka Fraile, Ibon Fernandez Iradi, Iñaki Etxeberria, Jagoba Codo, Josetxo Arizkuren, Lorentxa Guimon, eta Txus Martin dira larriki gaixorik dauden euskal presoak.
Sare gainera ez da bakarrik ariko lanean dinamika horretan, «gaiaren gainean lanean ari diren herri plataformak bidailagun izango ditugu: Iparra Galdu Baik, Txus Askatu, eta Gorka Fraileren askatasuna eskatuko duen Durangoko plataforma berria ere gurekin ariko dira».
«Inguru afektibotik urrun»
Egun Espainiako eta Frantziako Estatuen legeetan gaixo larriek euren gaixotasunak sendatzeko baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera badago ere, egun larriki gaixo dauden euskal presoak espetxean mantentzen dituztela nabarmendu zuten, euren gaixotasuna «edozein» izanda ere. Era berean, larriki gaixorik dauden 11 presoetatik bederatzi sakabanatuta daudela gogorarazi zuten, «etxetik ehunka kilometrora, beraien gaixotasunari aurre egiteko ezinbestekoa duten ingurune afektibotik urrun».
Juan Gorritik egindako lekukoa Aitzol Gogorzaren gurasoek hartu zuten eta Errenteria-Oreretan izango da hilabetez, eskuz esku Ondarroara helduko da hurrengo hilabetean. Gorritik olerkia eta elkar musukatzen ari diren bi adar irudikatzen dituen marrazkia ere prestatu du, «horrelako bana emango diegu larriki gaixo dagoen preso guztien familiei».