Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuaren laguntzagaz, herriko nagusiei zuzendutako prestakuntza programa antolatu du Mundakako Udalak, kontsumo arduratsuaren inguruan prestatzeko eta informazioa eskaintzeko. Hala, elikadura eta nutrizioa zein medikazioa eta automedikazioaren inguruko jarraibideak eta aholkuak emango dizkiete tailer praktiko baten, hitzaldi baten eta irteera gidatu baten bitartez.
Mundakako udaletxea
Otsailaren 15ean hasiko da programa,
Elikadura eta nutrizioa izeneko tailerrarekin. 18:00etan hasiko da klasea, eta Lara Amezaga Kontsumo hezitzaileak gidatuko du. Besteak beste, osasuntsu egoteko elikadura ohitura onak izatea garrantzitsua dela azalduko du Amezagak.
Medikazioa eta automedikazioa izenburupean egingo dute hitzaldia, otsailaren 22an, 18:00etan. Yolanda Diez medikua izango da hizlaria. Tailerra nahiz berbaldia Tribisarrospe kultur etxean izango dira.
Martxoaren 16an izango da, azkenik, irteera gidatua. Hain zuzen, Vidriera y cristaleria de Lamiaco S. A. enpresa bisitatuko dute. Udalak azaldu duenez, enpresa hori “1890. urtean sortu zen, eta ordutik hona beiragintzan aritu da, Euskal Herriko zaharrenetarikoa izanik”.
Mundakako alkate Aitor Egurrolak “herriko nagusiak eta bere familiak parte hartzera animatu” ditu.