Goma gaineko Euskadiko Txapelketako finala jokatu du zapatuan Idiazabalen Muruetak, 600 kilotan. Ahaleginak egin arren, laugarren postuagaz konformatu behar izan zuten bertokoek.
Murueta 600 kiloko finalean lehiatzen. Argazkia: Murueta Sokatira Kirol Kluba
Ñapurrak izan zen egun horretan indartsuena, eta bere atzetik sailkatu ziren Bizkaiko hiru taldeak: Sokarri, Abadiño eta Murueta, hurrenez hurren.
Muruetakoek azaldutakoaren arabera, «hasiera motelaren ondorioz izandako akatsak garesti ordaindu» zituzten, eta proba bukaerarantz, «sentsazio onak berreskuratu» bazituzten ere, «jada berandu» zela bazekiten.
Busturialdekoen atzetik, Betigazte eta Ibarra taldeak sailkatu ziren.
Finalean nortzuk izango ziren jakiteko, bi sailkapen jardunaldi egin zituzten, eta Sokarrik lortu zituen puntu gehien. Beti Gazte taldea izan zen hurrena, eta Ibarrak, Ñapurrak A-k, Muruetak eta Abadiñok, aldiz, puntu kopuru bera lortu zuten. Hala, Baiona, Txantrea, Ñapurrak B eta Berriozar taldeak geratu ziren finaletik kanpo.
Neskak ere lehiatu ziren egun eta leku berean, 500 kilotan. Badaiotz nagusitu zen, eta bigarren egin zuen, bermeotar bik parte hartzen duten Gaztedi taldeak. Ibarra sailkatu zen hirugarren.