Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, itsas bazterreko arriskugatiko alarma gorria aktibatu dute, kostaldeko inpaktua dela eta, otsailaren 9ko 03:00etatik 07:00etara. Maila larriena da gorria, eta, horrenbestez, 00:00etatik aurrera Euskadiko Babes Zibilaren Plana (EBZP) aktibatuko du Jaurlaritzak, alerta fasean.
Olatuak Bermeon
Horrez gain, “Segurtasun Sailak aktibo mantentzen du nabigaziorako alerta laranja, itsas bazterreko arriskuagatik, gaurko 18:00etatik aurrera, bai eta nabigaziorako nahiz kostaldeko inpaktuagatiko alerta laranja biharko astearte osoan ere”. Salbuespena 03:00etatik 07:00etara arteko tartea izango da, ordu horietarako alarma gorria emana dagoelako.
Euskalmeten arabera, gaur, egunaren amaieran, baliteke olatuek 5 metroak gainditzea, eta biharko sei metrora artekoak aurreikusi ditu, “batez ere, hondoko itsasoa dela medio”. Biharko egunaren amaieran altuagoak izan litezke olatuak, haize-itsasoa tarteko. Itsasoan bakarrik ez, lehorrean ere zakar ibiliko da haizea.