Busturialdean turismoa eta ostalaritza laneratzeko sektore garrantzitsuak direla iritzita, Lanbide Ekimenak zentroak lan bila dabiltzan pertsonei zuzendutako ikastaro bat eskainiko du; hain zuzen, taberna edo jatetxeko zerbitzari izateko formazio praktiko-teorikoa. Doakoa izango da, eta batez ere eskualdeko langabeei zuzenduta dago.
Zerbitzatzen irakatsiko dute ikastaroan
Otsailaren 25etik martxoaren 8ra bitartean emango dituzte eskolak, 09:30etik 13:30era arteko ordutegiagaz. Denetara 36 orduko iraupena edukiko du. Ikastaroa amaitutakoan, parte hartzaileen curriculum-ak helaraziko dizkiete Busturialdeko ostalaritza eta turismo enpresei.
Izena emateko epea zabaldu dute dagoeneko. Horretarako zein informazio gehiagorako Lanbide Ekimenak zentroak Gernika-Lumoko Alhondiga kaleko 6an duen egoitzara jo beharko da, edo 94-62563 92 eta 94-625 57 58 telefono zenbakietara deitu.