Azken urteetan bisitari kopuruak gora egin duela eta, Gernika-Lumoko turismo bulegoa ordutegi zabalagoagaz hasi da beharrean. Aldaketari esker, urtean 2.826 orduz egongo da zabalik; hain zuzen, aurreko urteetan baino 314 ordu gehiago.
Gernika-Lumoko turismo bulegoa
Hiru helburu zehatz bete gura ditu turismo bulegoak aldaketagaz: turistekiko arreta % 6 (3.500 eta 4.000 pertsona inguru) igotzea, zerbitzu beharrak optimizatzea eta herriko inpaktu ekonomikoa hobetzea. Izan ere, erabiltzaile kopuruak gora egin duen heinean, beharrizanak ere aldatu egin direla deritzo. Hori arrazoitzeko datu gisa, aipatu du 2003an 30.000 pertsona joan zirela turismo bulegora; eta 2015ean 63.800 pertsona. “Beraz, Bilboren atzetik, Gernika-Lumokoa bisita gehien duen Bizkaiko bulegoa dela esan genezake”.
Aste Santutik urrira bitartean, astelehenetik zapatura 10:00etatik 19:00etara egongo da zabalik, eta 10:00etatik 14:00etara domeketan. Urritik Aste Santura bitartean, berriz, 10:00etatik 18:00etara zabalduko dute astelehenetik barikura bitartean, eta zapatu-domeketan 10:00etatik 14:00etara.