Gernika Club futbol taldean historia egitea lortu du Aimar Cid gernikarrak; izan ere, orain arte taldean egon den golegile handiena izatea lortu du.
Getaferen aurkako partidan sartutako golari esker, 60 tanto daramatza aldean Cidek. Bilbao Athleticen jokatutako futbol jokalariak emozioz bizi du kopuru horretara ailegatu izana.
Aimar Cid Gernika Clubeko jokalaria. Argazkia: Gernika Club
Erronka hori gainditzearren zoriondu egin du taldeak berak ere Gernika-Lumoko jokalaria.
Bestalde, Aimar Ciden futboleko botak asteongo kinielako irabazleari oparitzea erabaki du taldeak. «Irabazleren bat egon daiten, formatoz aldatzea erabaki dugu. Oraingoan, Gernikako talde ezberdinetan kiniela egingo dugu; hala, emaitza zuzen gehien ematen dituenak jasoko ditu botak», azaldu du Gernika Clubak.
Hamabigarren sailkapenean
Iaz lortu zuen Busturialdeko taldeak futboleko Hirugarren mailatik Bigarren B mailara igotzea, eta, horren ondorioz, Espainiako hainbat talerekin da, gaur gaurkoz, lehian.
Hain justu, sailkapeneko hamabigarren postuan dira gernikarrak, 29 puntugaz. Aurrean dute Ebro puntu bat gehiagogaz, eta atzean, berriz, La Roda, puntu bat gutxiagogaz.
Asteburuan denboraldiko 24. jardunaldiari egin beharko diote aurre, sailkapenean hiru postu gorago dagoen Fuenlabrada talde madrildarra etxean hartuz. Bi puntuko aldea besterik ez daukate bertoko eta Madrilgo taldeek; beraz, norgehiagoka orekatua ikusteko aukera izango dute domekan, 17:00etan, Urbietara bertaratzen diren zaleek.
Bermeo, Deustoren aurka
Bermeok ere, etxean jokatuko du asteburuan. Kostakoek gernikarrek baino errazago izan beharko lukete garaipena eskuratzeko. Izan ere, hamabi puntu gutxiago dituen Deusto taldearen aurka lehiatuko da zapatuan 17:00etan hasita.