Euskadiko Triatloi Federazioak antolatuta eta Nafarroako Triatloi Federazioaren laguntzagaz, Euskal Herriko Triatloiaren V. Gala egingo dute etzi, Irungo (Gipuzkoa) Atalaia Hotelean. Festa horretan 2015 denboraldian triatloi eta dualoi zirkuituetan garaipena lortu dutenei sariak emango dizkiete.
Saria jasoko duten triatleta esanguratsuen artean Busturialdeko hiru kirolari daude.
Inma Ruiz Teran gernikarra
Euskal Herriko Duatloi zirkuituari dagokionez, sarituen artean Busturialdeko bi herritar daude. Alde batetik, Inmaculada Ruiz Teran Bilboko Bilbaotri taldeko gernikarrak bi sari jasoko ditu, eta, bestetik, Urdaitriko Javier Goitia Omaetxebarriak sari bat. Ruizek, hain zuzen ere, emakumezko absolutu mailan hirugarren amaitu du denboraldia, eta, aldi berean, emakumezkoetan beterano 2 kategoriako onena ere izan da. Goitiak, ostera, gizonezkoetan 23 urtez azpiko kategorian sari nagusia jasoko du.
Euskadiko distantzia ertaineko sariei dagokienez, Aritzatxuko Joseba Koldo Madariaga Bilbaok hartuko du saria. Madariagak 2. postua eskuratu du beterano 1 kategorian.