Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 19 eta 37 urte arteko lau gizonezko atzeman ditu Ertzaintzak, establezimendu komertzialetan lapurretan aritzen zen talde bat eratzea leporatuta. Ustez, atxilotutakoek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez ezik, beste herrialde batzuetan ere ostu izan dute; Kantabrian, Errioxan, Gaztela-Leonen eta Nafarroan, esaterako. Ertzaintza 60 komertziotan egindako lapurreten egileak diren ikertzen ari da. Denek dituzte aurrekari polizialak, eta euretako batek estatutik kanporatzeko agindua dauka.
Gernika-Lumoko ertzainetxea
Azken hilabeteetan aritu da Ertzaintza lapurreten inguruko ikerketak egiten Busturialdean, eta talde baten inguruko susmoak zeuzkan. Asteburuan zehar jarraitu egin ditu atxilotutako lagun horiek. Poliziaren arabera, ustezko lapurrak barikuan Gernika-Lumotik abiatu ziren, auto batean, eta nahiz eta segurtasun neurriak hartu zituzten, ertzaintzak jarraitzea lortu zuen. Gernika-Lumo inguruko zenbait herritan izan ondoren, Ajangizera joan ziren ustezko lapurrak, eta herriko tabernaren aurrean aparkatu zuten. Ondoren, beste zenbait herritik ibili ostean, Gernika-Lumora itzuli ziren.
Domeka goizean abiatu ziren berriro Ajangizera, eta leihoetako bat indarrez ireki ondoren, taberna barrura sartu ziren. Kutxako dirua eta 30 botila likore inguru lapurtu zituzten, eta makina saltzaile bat bortxaz apurtu zuten. Polizia bertan zelan igartzean, ihes egin zuten, lapurtzen ari zirena eta erabilitako materiala bertan utziz. Gernika-Lumon atxilotu zituzten ondoren, ordu batzuk beranduago.
Síguenos en Twitter