Indartsu daudela berretsi dute Murueta Sokatira Kirol Klubeko mutilek. Hil hasieran 680 kiloko kategorian txapela lortu ondoren, asteburuan 640 kilokoan lehiatu dira muruetarrak, eta, lehia estua izan den arren, txapel preziatua Busturialdera ekartzea lortu dute.
Muruetako taldea, tiraldi batean
Zapatuan izan zen Euskadiko goma gaineko sokatira txapelketako finala, Ibarran (Gipuzkoa). Muruetakoek azaldu dutenez, “lehen eta azken tiraldiak gogorrenak” izan dira gogorrenak. “Izan ere, lehenengoan Beti Gazteren aurka aritu gara, eta azkenean bigarren geratu da. Azken tiraldian, berriz, Ñapurrak-i tiraldi bat irabaztea nahikoa genuen txapela lortzeko, eta halaxe egin dugu”.
Finalaren aurretik bi jardunaldi izan ziren, bata Ezpeletan, eta bestea Bermeon. Ezpeletakoan Murueta nagusitu zen, eta Bermeokoan Ñapurrak.
Sailkapena – 640 kiloko kategoria
- Murueta
- Beti Gazte (Lesaka, Nafarroa)
- Ñapurrak (Lapurdi)
- Abadiño (Bizkaia)
- Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia)
- Ibarra (Gipuzkoa)