2015eko datuak baikorrak izan dira turismo sektorearentzat, eta Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Center ez da salbuespena izan. 2011n zabaldu zuten Aranzadik kudeatzen duen zentroa, eta ordutik urtean-urtean handitzen joan da bisitari kopurua. Emandako datuen arabera, iaz 28.000 pertsonak bisitatu zuten zentroa, goranzko joera horri eutsiz.
Bisitariak Urdaibai Bird Centerren
Hazkundearen arrazoiak ere eman ditu Urdaibai Bird Centerrek. Dioenez, «ordutegi zabalagoa eskaintzeak, bisitariei harrerarako egindako hobekuntzek, prentsan izandako presentziak eta eskola bisiten programazioa eskaintzeak zerikusi handia» izan dute, besteak beste.
Jatorria
Bisitarien jatorriari dagokionez, turistentzat interesgarri diren beste leku batzuetako joera errepikatu da, euskaldunak izan baitira gehiengoa, baina estatu mailako turismoa ere «nahiko presente» egon da. Estatutik kanpokoei dagokienez, frantziarrak izan dira gehiengoa, baina Erresuma Batutik, Herbehereetatik eta Alemaniatik etorritako turisten kopuruak gora egin duela nabarmendu dute.