Mutrikuko Udalak 6 milioi euroko aurrekontua onartu du, iazko antzekoa
EAJ eta B+I alderdien aldeko botoekin onartu dira 2016ko aurrekontuak. Gipuzkoako Foru Aldundiari egin beharreko itzulketa amaituta, udalak «lasaitasuna» hartu duEAJ eta B+I alderdien aldeko botoekin martitzeneko ezohiko udabalbatzan onartu ziren 201...
EAJ eta B+I alderdien aldeko botoekin onartu dira 2016ko aurrekontuak. Gipuzkoako Foru Aldundiari egin beharreko itzulketa amaituta, udalak «lasaitasuna» hartu du
EAJ eta B+I alderdien aldeko botoekin martitzeneko ezohiko udabalbatzan onartu ziren 2016ko aurrekontuak. Horrenbestez, 6.092.871,90 euroko aurrekontua onartu zen; iazkoarekin alderatuta, %1 gehiago.Aurrekontuak egunotan Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta hilabeteko epean arrazoibiderik jaso ezean, behin betiko onartuko dira.
Aurrekontuak «jasangarriak» izan direla eta, pozik azaldu zen Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea. «Egonkortzen hasi garela dirudi. Zorra ere pixkanaka gutxitzen ari da, eta hortaz, beste gauza batzuk egiteko diru gehiago izan dezakegu».
Bide onetik
Zorra ere «bide onetik» doala ere azpimarratu zuen alkateak. Aurreko agintaldian egin modura, aurten ere, zorpetze maila «eramangarria» izaten jarraituko dutela adierazi zuen. 2015eko abenduaren 31n, 2.824.703,90 eurokoa zen zorra, eta 2016an 638.000 euroko zama finantziarioa izango du Mutrikuko Udalak. Hortik, 65.000 euro interesen ordainketarako izango dira, eta beste 573.000 euro amortazazioa gutxitzeko. «Gure kalkuluen arabera, zor bizia %39,69 gutxitu nahiko genuke 2016 bukaeran».
Era berean, Mutriku Lantzeneko zorra kitatzeko 86.219,48 euro bideratuko dira, horietatik 5.870 euro finantza gastuetarako izango direlarik.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiari egin behar zaion itzulketa amaituta, udalak «lasaitasuna» hartu duela ere nabarmendu zuen Lizardik.
152.900 euro gehiago
Aurrekontuari dagokionez, aurten diru sarrera gehiago izatea espero du Mutrikuko Udalak. Guztira, 152.900 euro gehiago jasoko direla uste da. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko funtsetik %4,40 gehiago jasoko da.
Gastuak, ordea, iazkoaren berdintsuak izango dela aurreikusten da. Ohikoa den modura, gastuen partida zati handi bat pertsonaleko gastuetarako izan da.
Inbertsioei dagokionez, iazkoarekin alderatuta, 430.000 euro gehiago bideratuko dira zeregin horietara. Egingo diren inbertsioetan, lehentasunak kontutan hartu dira, eta «herriaren onurarako» aurreikusten ziren lanak egingo dira.
Besteak beste, parke publikoen eta berdeguneen zainketara 30.000 euro bideratuko dira, eta oso egoera txarrean dauden berdeguneak konpontzen, beste 35.000 euro inbertituko dira. Azken kopuru horrekin, Alkoleako surf gunea, Arbe, Turruntegi eta Atxukaleko parkea hobetu nahi dira. Baserri bideak hobetzeko, aldiz, beste 40.000 euro bideratuko dira.
Irisgarritasuna hobetze aldera, gainera, hainbat kaletan egokitze lanak egingo dira. Horretarako, 23.000 euro bideratuko dira. Era berean, Erdiko kalea berrizteko beste 50.000 euro bideratuko dira. Momentu honetan, galtzadarria dago kalean, eta lauzatxoak ipiniko dira. Modu beretsuan, Jose Maria Altzibarretik Entzus parera egin nahi den igogailuaren proiektua gauzatzeko, 12.000 euro inbertituko dira.
Webgune berria ere bai
Landa guneko inbertsioa 150.000 eurokoa izango da, eta kirol arloan, aldiz, 60.000 euro inbertituko dira hainbat kirol instalakuntzen mantenuan. Kopuru hortatik gehiengoa, 50.000 euro, Miruaitz frontoian falta diren lanak egiteko bideratuko dira.
Kultura jarduerak bultzatzeko inbertituko den kopuruari dagokionez, nabarmen igoko da aurten. Arte eskolari, esate baterako, 2.500 euro bideratuko zaizko Txanbolinako parkeko lur azpiko pasabidean beste hormairudi bat egiteko.
Garapen arloan ere diru partida txiki bat inbertituko da, eta sorospen zerbitzua hobetzeko ere diru partida bat aurreikusi da aurrekontuetan.
Beste inbertsio batzuei dagokionez, webgune berria ere egingo da etorkizunean, eta horretarako ere partida bat onartzea erabaki da. Guztira, 7.300 euro inbertituko dira.
Edukiontzi bidezko zabor bilketa sistema berria ere laister ezarriko da, eta komunikazio kanpaina egin eta sentsibilizazio kanpaina egiteko, 18.000 euro bideratuko dira. Ingurumen ekintzetako sentsibilizazio kanpainetarako, aldiz, 15.000 euro inbertituko dira.
Energia aurrezteko 30.000 euro bideratuko dira, eta kopuru horren gehiengoa kaleko argiteria berritzeko erabiliko dira. Bestalde, udalak lurrak bereganatu eta horiek publiko bihurtzeko interesa agertu du; lur publikoen erosketarako 10.000 euro bideratuko dira.
«Guztien ekarpenekin»
Aurrekontuak osatzeko orduan udalbatza osatzen duten talde guztien ekarpenak aintzakotzat hartzen ahalegindu direla nabarmendu du alkateak.
B+I taldeak aurrekontuak onartzea erabaki baldin badu ere, «baldintzatutako babesa» eman diela azpimarratu du. Iñigo Agirre zinegotziaren iritziz, aurrekontuen kontua luzatzea herritarrentzako «kaltegarria» izan zitekeen, baina aldeko botoa «nolanahi ez dutela eman» dio. «Ez da txeke zuri bat, lanean jarraitzeko konpromiso bat baizik. Udal taldeak aurrekontuetan egindako proposamenei jarraipen zorrotza egiteko borondatea agertu du osoko bilkuran».
EH Bilduko ordezkaritza, aldiz, ez zen aurrekontuekin bat etorri. Euren iritziz, aurrekontuak «ez dira guztien artean adostu», eta ezezko bozka eman zioten jeltzaleek aurkeztutako proposamenari. «Nahiz eta puntu askotan aurrerapauso handiak ikusi, beste askotan desberdintasun argiak daudela deritzogu. Arlo askotan ez gaituzue kontutan hartu, eta gauzak ere, presaka egin direla iruditzen zaigu».