Amunategi errekastoa leheneratzeko ingurumen arloko boluntariotza ekintzak izeneko proiektuaren barruan, Lurgaia Fundazioa Busturiko erreka hori leheneratzeko jardunaldia antolatu du. Zapaturako egin dute deialdia, eta beharrerako boluntarioak eskatu dituzte.
Zenbait boluntario Amunategi inguruan, Lurgaiak antolatutako iazko jardunaldian. lurgaia fundazioa
Fundazioko kideak nahiz bestelako boluntarioak 09:30ean elkartuko dira, Axpe auzoko eliza aurrean, eta handik oinez joango dira Amunategiraino. Lurgaiak zehaztu duenez, egun erdiko boluntariotza izango da, eta beharreko material guztia fundazioak berak eramango du; hala nola, eskularruak, lanabesak… Hori bai, oinetako erosoak eta egokiak eramateko eskatu du; «uretako edo mendiko botak», alegia.
Amunategi «ekologikoki leheneratzeko lanekin jarraitzea» da biharko helburua, 2003. urteaz geroztik ari baita Lurgaia boluntarioen laguntzarekin inguru horretan lanean. Orain arteko lanei esker, «ia 29 hektareatan bertako basoa berreskuratzen ari gara, oraintsu erosi diren eta dagoeneko proiektuari gehitu zaizkion eukaliptu-sail berri batzuk barne».
Izena eman behar da
Gisa horretako jardunaldiak «oso garrantzitsuak» direla nabarmendu du fundazioak, «bertako ingurua kontserbatzeko eta leheneratzeko zein bertan bizi diren eta galzorian dauden zenbait espezie kontserbatzeko; besteak beste, bisoi europarra (mustela lutreola), baso-igel iberiarra eta woodwardia radicans iratze paleotropikala».
Proiektuaren helburuak azalduko dizkiete bihar boluntarioei, «zeintzuk jarduera egin diren aurretik eta zer bilakaera izan duten horiek egin zirenetik hona». Lanari dagokionez, «leheneratze-bidean dagoen eremuaren inguru-kalitatea hobetzeko hainbat jarduera» egingo dituzte, «nagusiki bertako zuhaitz eta zuhaixkak aldatu; inguruan presente diren espezie inbaditzaileak kendu; eta pinu eta eukaliptu ale bakan batzuei azala kendu, zutik hil daitezen».
Boluntario gisa aritzeko aldez aurretik eman behar da izena, eta barikua da horretarako azken eguna. 18:00ak baino lehen
info@lurgaia.com helbidera idatzita zehaztu beharko da parte hartzeko asmoa. Gainera, garraiobiderik behar izanez gero hori ere jakinarazi egin beharko dela azaldu dute. «Garraioa antolatuko dugu autoa behar duten guztiek izan dezaten iristeko modua».
Beharra amaitutakoan hamaiketako bat izango da parte hartzaile guztientzako.