Magnetico Grupo Robot
Martxoaren 6tik 13ra izango da aurtengo Gernikako Lekuek jaialdia, baina aspalditik ari dira antolatzaileak beharrean, data horretarako dena prest egon dadin. Dagoeneko badituzte ekitaldi asko lotuta, eta horien berri emango dute bihar izango den aurkezpen jaian. Izan ere, hirugarren edizioaren ingurukoak gizarteratzeko, «musikaz gozatzeko aukera eskaintzea baino modu hoberik» bururatu ez zaiela azaldu dute.
Arima taberna eta Astra kulturarako fabrika soziala izango dira biharko jaiaren agertoki. Pierrot bakarlariak irekiko du egitaraua, 19:00etan, aipatutako tabernan emango duen kontzertuagaz. Bere ahotsaren eta gitarragaren laguntzagaz, Gernika-Lumoko iluntzea girotuko du Jon Urrutia musikari bilbotarrak. Kontzertua ikusteko, gainera, ez da sarrerarik ordaindu behar izango.
Astrara lekualdatuko dute ondoren jaia. 21:00etatik aurrera, Munlet eta Magnetico Grupo Robot izango dira kulturarako fabrika sozialeko oholtza gainean. Azken talde hori Bermeon sortutakoa da, El Desvan Del Macho, Munsterland, Los Frenos eta Los Brebes bandetan aritutako musikariekin. Euskaraz abesten dute, batez ere, bermeotarrez. Munlet, bestalde, Anita PerezLek (Lady Fingers) eta Ina Saint-Gerons-ek (Herr Professor) sortu zuten, 2002an. Musika elektronikoa, punk-a eta esperimentazioa uztartzen ditu bikoteak.
Aurrerapen txikia
Bi talde horien kontzertua ez ezik, gaua borobiltzeko «dantzatzeko aukera paregabea» eskainiko dute Lekuek jaialdiaren antolatzaileek, DJ borrokaren bitartez. Hain zuzen, kontzertua amaitutakoan DJ Ru, Dani DJ eta DisCrespo ariko dira musika jartzen, Astran bertan.
Arimakoan ez bezala, Astrakora joateko 5 euro ordaindu beharko da. Dena den, zehaztu dutenez, bihar bertan jarriko dituzte Gernikako Lekuek jaialdirako bonoak salgai, 25 euroren truke, eta horiek erosten dituztenek biharko jairako sarrera dohainik izango dute.
Musika aprobetxatuz, beraz, martxoko jaialdiaren «programazioaren aurrerapen bat» emateko baliatuko dute gaurko jaia, «eta zertan gabiltzan ezagutaraziko dizuegu», esan dute.