Laukizko Gaztedi taldeko sokatiralariak. Tartean daude Erika Julieth Rojas eta eta Batirtze Ispizua Bermeoko bizilagunak
Hain zuzen, gizonezkoen 640 kiloko kategoriako bigarren jardunaldia eta emakumezkoen 540 kiloko kategoriako finala izango dira Bermeon egingo dituztenak. Artza pilotalekuan izango da hitzordua, 11:30etik aurrera.
Emakumezkoen 540 kiloko lehen jardunaldia Laukizen jokatu zen, urtarrilaren 9an, eta Bermeokoa finala izango da. Ibarrako (Gipuzkoa), Gaztediko (Laukiz, Bizkaia) eta Badaiotzeko (Araba) nesken tiraldiak izango dira, hain justu, Artza frontoian. Busturialdeko talderik egon ez arren, gainera, izango da bertoko ordezkaritzarik, Erika Julieth Rojas (1993, Kolonbia) eta Batirtze Ispizua (1983, Bermeo) Bermeoko bizilagunak Laukizko Gaztedi taldeko sokatiralariak ere lehian ariko baitira.
Bestalde, gizonezkoen 640 kiloko kategoriako lehen jardunaldia urtarrilaren 10ean jokatu zen, Ezpeletan (Lapurdi). Murueta izan zen indartsuena, 7 puntugaz, eta Abadiño (6 puntu) eta Arrigorriagako Sokarri (5 puntu) sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Jardunaldia irabazi arren, Muruetak ez dauka txapela bermatuta. Beraz, domekako saioa ere sailkapenekoa izango da; eta, hain zuzen, Murueta, Ibarra (Gipuzkoa), Ñapurrak (Lapurdi), Abadiño (Bizkaia), Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia), Zuraide (Lapurdi) eta Beti Gazte (Lesaka, Nafarroa) ariko dira lehian. Bi jardunaldietako puntuazioa edukiko dute kontuan finalera pasatuko diren sei taldeak erabakitzeko.
640 kiloko azken tiraldiak urtarrilaren 23an egingo dituzte, Ibarran, eta orduan erabakiko da txapela nork jantziko duen. 680 kiloko txapelketa irabazi ostean, Muruetak urteko bigarren garaikurra etxeratzeko aukera izango du.