Tirokatuta hil dute Uzelai zikoina
Gautegiz Arteagako zentroko arduradunek jakinarazi dutenez, ezezagun batzuek abenduaren 23an hil zuten zikoina, Kortezubin, Ford Focus markako auto zuri batetik tirokatu ondoren. Auzokide batek batu zuen hildako zikoina, eta eraztunduta zegoela eta, Uzelai zela egiaztatu zuten. “Urdaibai Biosfera Erreserban zikoina zuria bersartzeko proiektuan ekarritako zikoinetako bat zen” Uzelai. Busturiko Jose Maria Uzelai Herri Ikastetxeko umeek babestu zutelako zeukan izen hori.
Kataluniatik ekarri ondoren, 2005ean askatu zuten Urdaibain, eta urtero Foruko Atxagan kumatzen zuen. Urdaibai Bird Center-en arabera, “bere bizitza osoan zehar 20 zikoina kume atera ditu aurrera”; azkenak, 2015eko hiruak. “Zikoina gehienek ez bezala, Afrikara migratu ordez Araban pasatzen zuen negua” Uzelaik, eta tirokatuta hil baino bi aste arinago itzuli zen Urdaibaira.”Habia txukundu eta babesteaz gain, bikotekidearen itzuleraren zai zegoen”.