Puntu bakarreko aldeagatik galdu du Gernika Bizkaiak Mann Filterren aurkako partida
Puntu bakarreko aldeagatik, ez zuen garaipena etxera eramaterik eduki Gernika Bizkaia taldeak atzo. Sailkapenean, gaur gaurkoz, bosgarren postuan den Mann Filter taldea izan zuen aurkari atzo Gernika-Lumoko taldeak. Emozio handiko partida izan zen atzokoa, partida ona. Gernikarrentzako alde txar bakarra porrota izan zela aitortu dute.
Naiara Diezek saskiratutako 19 puntuek garrantzia handia hartu zuten, eta harrobiko Ane Olaeta jokalariaren debutak ere hartu zuen nagusitasuna. Lehenengo zatian egin zuen debuta, eta «ezin hobeto» egin zuela azaldu du Gernikako taldeak. Saskiratzeak bilatu zituen orduan talde horrek, eta 22-20 bukatu zuten.
Bigarren zatian, defentsako lanak hartu zuen garrantzia, eta jaurti arren, baloiak ez ziren saskian sartzen. Gauzak horrela, 34-36 bukatu zen bigarren zatia.
Hirugarren zatia ezin txarragoa izan zen gernikarrentzat; erasoan hainbat akats eginda, 19-4ko zatia egin zuten.
Akatsen ondoren, hala ere, markagailuko aldea erabat gutxitzea lortu zuten bertokoek. Min handia hartu zuen Gernika Bizkaiak hirugarren zatian, baina etsitzea ez zen beraien aukeretako bat. Jokoa erakutsi zuten, eta erasoan zein defentsan lan ona egin zuten.
Mann Filter ere bere onena ematen saiatu zen, baina jaurtiketa batzuta huts egin zuten. 72-73 zioan markagailua bi minuturen faltan, eta, azkenean, 76-75 bukatu zuten, Gernika Bizkaiako Pop-ek jaurti eta huts egin ostean.
Zapatuan, liderra aurkari
Atzoko porrotaren ostean, datorren zapatuan liderraren aurka neurtu beharko ditu indarrak Gernika Bizkaiak; alegia, Perfumerias Avenida taldearen kontra. Gernikarrak sailkapen orokorreko laugarren postuan daude, 23 puntugaz, eta lau puntu gehiago ditu Salamancako taldeak. Zapatuko partida etxean jokatuko dute gernikarrek, 18:30ean hasita.